Debabarrena suspertzeko Industria 4.0ren alde "apustu egitea ezinbestekoa" dela esan du EH Bilduk

Barren.eus 2023ko ira. 27a, 09:21

EH Bildu koalizioak jakitera eman du 62 zuzenketa aurkeztu dituztela Eusko Legebiltzarrean Debabarrena sozioekonomikoki suspertzeko ponentziaren irizpena hobetzeko.

Izan ere, EH Bilduko legebiltzarkide Ibai Iriartek adierazi duenez, eskualdeko eragileen iritziak, kezkak eta ekarpenak entzun eta aztertu ostean ponentzia-buruak osatutako proposamena “oso motz eta zehaztapenik gabe” geratzen zen, eta horregatik aurkeztu dituzte zuzenketok.

Iriarteren iritziz, “behar-beharrezkoa da, ezinbestekoa", Debabarrenan Industria 4.0ren aldeko "apustu argi bat" egitea, Debabarrena eskualde industriala baita eta eremu horretan puntan jarraitu nahi badu, "horrek aberastasuna eta kalitatezko enplegua sortzen dituelako", industria aurreratuan erreferente izan behar duela uste du. Hori da EH Bilduren zuzenketen ardatz nagusia eta, hala, zentro teknologiko bat sortzea proposatu dute helburu horrekin, Elgoibarko IMH-k aurkezturiko proiektuaren ildotik. "Zentro horrek, bere garaian IMH sortu moduan, aurrea hartu behar die datozen garaiei, makina-erramintaren sektorean ezagutza eta zerbitzu aurreratuak eskaintzeko bidean, eskuhartze publiko-pribatuaz, eskualdeko ehun industrialaren sustatzaile bilakatzeko", esan dute.

Debabarrena suspertzeko egin beharreko plan estrategikoan oinarrizko elementutzat jotzen dute zentro berri hori. “Ponentzian talde guztiok argi ikusi dugu Debabarrena sozioekonomikoki biziberritzeko erakunde arteko plan estrategiko bat behar dela, baina hausnarketa generiko horretan zehaztasunak falta dira epeei eta finantzazioari dagokienez, besteak beste. Hori guztia zehaztu nahi izan dugu gure zuzenketen bitartez. Proposatu dugu Debabarreneko Garapen Agentziak (Debegesa) har dezala plan horren diseinatzeko eta garatzeko ardura, 10 hilabeteko epean aurkez dezala eta, funtsezkoa dena, 25 eta 30 miloi euro arteko inbertsio lerroak zehaztu ditzala. Urte eta erdi eman dugu eskualdeko dozenaka eragile entzuten, eta haiek emandako informazio hori guztia aintzat hartu behar du ponentziak ezinbestean, eta zehaztasun gehiago jaso behar ditu lerro nagusietan zein plan estrategikoa egiteko epe eta diru ekarpenetan”.


 • Garraio publikoa hobetzeko proposamenak
Industria 4.0ren aldeko apustutik harago, plan estrategikoa garraio publiko zerbitzua hobetzeko ere baliagarria izan daitekeela defendatu dute. Horren haritik, Iriartek proposatu du, besteak beste, Ermua-Deba tranbia zerbitzua martxan jartzea 10-15 minutuko maiztasunarekin; Maltzagan tren geltokia berreskuratzea eta gune intermodal bat eraikitzea autobus geltoki egoki batekin eta aparkalekuekin; eskualdeko bidegorri sarea bukatzea Deba-Elgoibar, Soraluze-Maltzaga eta Ermua-Eibar tarteak garatuz, eta Zumaia-Donostia tren zerbitzua Deba-Donostia bilakatzea.