Akordioa lortu dute Tratamientos Intxaustiko beharginek eta zuzendaritzak

Barren.eus 2016ko api. 6a, 12:47

Intxausti Tratamientos Superficiales S.A. enpresako beharginek bertan behera laga dute joan den martxoaren 16an hasi zuten greba mugagabea. LAB sindikatuak jakinarazi duenez, akordioa lortu dute enpresako zuzendaritzarekin. 

LAB sindikatuak jakitera eman duenez, datozen hiru urteetarako enpresa hitzarmen baterako aurre akordioa lortu dute beharginek enpresako zuzendaritzarekin. Lortutako akordioarekin pozik azaldu dira sindikatuko ordezkariak. “Langileen mobilizazio, kohesio eta presioaren ondorioz lortutako akordioa izan da”, adierazi dute. Aurreko urtean lorturiko hitzarmena oinarrituta, hainbat hobekuntza lortu dituztela azaldu dute. Besteak beste, soldata igoera lortu dute hurrengo hiru urteetarako (KPIa gehi %1,5 2016an eta KPIa gehi %1 hurrengo bi urteetan). Aldi baterako ezintasun guztietan, bai lanetik bai gaixotasun arruntetatik eratorritako gaixotasunetan, udako eta neguko aparteko ordainsarietan %100eko osagarria izatea ere lortu dute eta baita lan osasunean hobekuntzak egiteko konpromisoa ere. Sindikatuak nabarmendu du hobekuntza guztiak lan erreformatik babesturiko eta Gipuzkoako metalgintzako hitzarmenari loturiko Enpresa Hitzarmen baten bitartez egingo direla. 

Zuzendaritzak jakinarazi duenez, martxoaren 31ean eta apirilaren 1ean langileekin egin zituzten bilerei esker lortu dute akordioa. Bileretan langileek eta zuzendaritzako kideek bakarrik, “kanpoko lguntzaik gabe”, hartu zutela parte nabarmendu du zuzendaritzak, eta elkarrizketa haien emaitza izan dela akordioa.

∞Lotura duten albisteak: