Batetik, Emakumeon frontea erakusketa zabalduko dute martxoaren 7an, jubilatuen ondoko lokalean, 17:30ean. Martxoaren 8aren zentzu iraultzailean jarri nahi dute azpimarra antolatzaileek erakusketarekin. Horretarako 1907. urtean Kopenhagen egin zen emakume sozialisten bigarren konferentziatik gaur arteko denbora-lerroa osatuko dute. Era berean, emakume langileen borrokaren inguruko olerkiak ere jarriko dituzte, eta bisitariek beren iritzi eta gogoetak lagatzeko txokoa ere izango dute.
Bestetik, bi ekintza lotu dituzte martxoaren 8rako. Goizean, autodefentsa tailerra egingo dute Gaztetxean (10:30), eta eguerdirako elkarretaratzera deitu dute. Herriko Enparantzan izango da, 12:30ean.