Elkarrizketa

Pello Sarasua: “Arantzazuko frantziskotarrek egin duten ekarpenari balioa emateko dokumentala da”

Barren 2024ko urr. 4a, 13:34

'Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat' dokumentala proiektatuko dute domekan, urriaren 6an, Mendaroko udaletxeko udalbatza aretoan, 18:30ean. Dokumentalean, Arantzazuko frantziskotarrekin lotzen ez diren hainbat altxor ematen dituzte ezagutzera, gure historiaren eta izanaren parte direnak.

Non du proiektu honek abiapuntua?
Arantzazulab da proiektuaren sustatzailea, Arantzazun bertan dagoen demokraziaren berrikuntzarako laborategia, bere zereginen artean Arantzazuko ondarearen sustapena egitea daukana. Konturatu ziren bazegoela hemen lan bat egiteko ondare inmaterialaren alorrean: frantziskotarren testigantzak jasotzea. Arteman produktorarekin jarri ziren harremanetan horretarako eta Artemanekoek deitu zidaten neri. Frantziskotarren konfiantzazko norbait behar zuten, eta nik baneukan harreman hori, 2008tik 2011ra bitartean Baketik Fundazioan lanean aritu nintzenean egunero ibili nintzelako Arantzazuko Gandiaga Topagunera bueltaka. Esan behar dut hasierako helburua ez zela dokumentala egitea, baizik eta elkarrizketa sakonak egitea, testigantza horiek guztiak jasotzeko. Hogeitaka ordu grabatu genituen, eta gero ikusi zuten hori gizarteratzeko premia, dokumental bat sortzearen beharra.

Arantzazu entzunda gauza asko datozkigu burura. Lotzen dugu erlijio kristauarekin, euskal nortasunaren bilaketarekin, hizkuntzaren berreskurapen prozesuarekin, Oteizaren ekarpen estetiko ideologikoarekin, eztabaidekin... Zer erakutsi nahi izan duzue dokumentalean?
Arantzazuk ertz asko dauzka, bai, eta gai asko biltzen ditu bere baitan. Arantzazulabekoek, baina, gai nagusi batzuk aukeratu zituzten elkarrizketekin hasterako: espiritualtasuna, euskara, artea, natura... Hala ere, material asko bildu genuen eta banuen neuk ere kezka hori: zer kontatu. Baina funtsean, dokumentalaren azpititularrean esaten den hori kontatzen da. 36 zm, bost mende, herri bat da azpititularra eta spoilerra eginez esango dizut 36 zentimetro direla Arantzazun agertu zen ama birjinaren figurak neurtzen dituenak. Hain justu ere horrekin hasten da istorioa, Ama Birjinaren agerpen horrekin, eta kontatu nahi izan duguna zera da: Arantzazuk eta fraideek Euskal Herriari, 'herri bat' horri, arlo sozial, kultural eta espiritualean egin dioten ekarpena, batez ere azkeneko 70 urteetan, hori baita testigantzetan jaso duguna. Dokumentalak bi parte ditu. Barrura begirako batekin hasten da, komentuari eta frantziskotarren euren bizimoduari begirako batekin. Hor kontatzen da 50eko hamarkadan ume zirela Arantzazura iritsi zirenek nola bizi duten beren fraide izate hori. Fraideez daukagun irudia hori da, komentukoa, eguneroko bizitza erlijiora eta espiritualitatera bideratua dutenena, baina frantziskotarren espiritualtasuna ez da elizara mugatu, eta hori da bigarren partean kontatzen duguna. Herriarengandik oso gertu egon dira beti frantziskotarrak eta herria oso gertu egon da, aldi berean, Arantzazutik.

'Arantzazu' dokumentaleko fotograma bat.

Zein izan da, bada, frantziskotarren espiritualtasun horren muina?
San Frantzisko XII-XIII. mendean jaio zen etxe oneko familia baten, baina berak bizimodu apalago bat eramatea erabaki zuen, eta frantziskotarren espiritualtasunaren oinarrian badago hori, naturatik eta pobreengandik gertu egotea, baina batez ere, anaidian bizitzearen garrantzia aipatzen zuten denek galdera hori egin nienean. Frantziskotarrentzat anaidia edo komunitate hori ez da sekula komentura edo Arantzazuko klaustrora mugatu. Anaidia ingurura zabalduta ulertzen dute. Haientzat natura, pertsonak eta arnasdun guztia dira anaidia horretako parte eta horregatik izan dute herriarekin, kasu honetan Euskal Herriarekin, hain harreman berezia. Gizarteak zituen beharrekin oso kontziente izan dira beti eta arlo guztietan eragin dute. Oso berritzaileak izan dira, eta horregatik sortu dira askotan gatazkak ere, bai kanpora begirakoak eta baita barrura begirakoak ere.
Frantziskotarrek egindako ekarpena ikuspegi laikotik zer izan den jakitzeko, elkarrizketatu ditugu fraide ez diren beste pertsona batzuk ere, euskal kulturgintzako erreferenteak direnak. Elkarrizketatu dugu, esaterako, Lorea Agirre Jakin aldizkariko zuzendaria, fraideek euskarari egin dioten ekarpenaz; Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua, frantziskotarrek humanismotik herriari egindako ekarpenaz; eta Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria, urte askoan albaitari izandakoa eta Nikolas Segurola artzain fraidearekin batera ardi latxaren lanketan eta Idiazabalgo Gazta sor-markaren hastapenean aritutakoa.

Fraideekin daukazun konfiantzagatik joan zitzaizkizun bila lan honetarako. Jasotako guztitik zer egin zaizu berria edo deigarria?
Baketiken lanean ibili nintzen lau urtean egunero ibili nintzen Arantzazura joan-etorrian, baina beti esaten dut Arantzazura asko joan arren, Arantzazun gutxi egon nintzela. Askori gertatzen zaigu hori. Jende asko joaten da Arantzazura, baina ezagutu jende gutxik egiten du, ertz asko dauzkalako eta zaila ere egiten delako askotan. Nik ere horixe sentitu nuen lan honi ekin nionean. Alde horretatik dokumental hau egitea aukera paregabea izan da Arantzazu ezagutzeko. Fraideekin konfiantza baneukan maila pertsonalean, baina Arantzazuk barnebiltzen dituen gai guzti hauetaz sekula ez nuen hitz egin haiekin. Konturatu naiz, adibidez, zein berritzaileak izan diren hainbat momentutan eta harritu naute beste zenbait gauzak, esaterako euskararekin izan duten harremanak. Banekien ume zirenean komentuko bizitza gazteleraz zela gehienbat, baina herriarekin euskaraz komunikatzen zirela, argi zutelako herriaren hizkuntza euskara zela, baina harritu nau komentu barruan orain dela hogeita hamar bat urtera arte otoitzaldiak gazteleraz egiten zituztela jakiteak. Non eta Arantzazun, euskara batuaren zimenduak jarri ziren lekuan.

Aipatu duzu tradizioa eta modernitatea uztartzeko ahalegina, bai eta ahalegin horretan sortu diren eztabaidak ere.
Basilika berria eraikitzen hasi ziren garaian iritsi ziren Arantzazura elkarrizketatutako fraideak eta topo egin zuten han Jorge Oteizarekin, Eduardo Txillidarekin, Nestor Basterretxearekin eta Euskal Herriko beste artista askorekin. Oso polita da haien ahotik entzutea zelako harremana izan zuten artista handi horiekin guztiekin. Santutegia berritzeko lanak sortu zuten gatazka ere kontatzen da dokumentalean, labur bada ere. Gaur egun jende asko etortzen da kanpotik Arantzazuko eliza modernista eta Oteizaren eskulturak ikustera, baina bere garaian sekulako gatazka sortu zuten berritze lanek. Ezezagunak ziren artista gazte batzuei enkargatu zieten lana eta aipagarria da frantziskotarren apustu hori, santutegiko lanetarako konfiantza izatea jende haiengan. Baina denok dakigu apustu horrek zer ekarri zuen. Oteiza proiektuan lanean hasi eta gutxira, haren eskulturekiko errezeloak sortu ziren frantziskotarren artean. [1955an, Erromako Arte Sakratuaren Pontifize batzorde zentralak egindako txostenean oinarrituta, lanak geldiarazi zituen Donostiako elizbarrutiko bikario jenderalak eta Oteizak Arantzazu abandonatu zuen. Urte hartako abuztuaren 30ean bedeinkatu eta zabaldu zuten basilika, apostulu eta pietaterik gabe]. Santutegirako errepide bazterrean abandonatuta utzi zituzten 10-15 urtean Oteizak ordurako tailatuta zeuzkan lau apostoluak eta harrizko beste blokea, eta gatazka zabaldu zen. Miguel Angel Alonso del Valek kontatzen du hori guztia dokumentalean, Gandiaga Topagunearen arkitektoak. Oso ondo kontatzen digu, baita ere, basilika zer den. Gaur egun jende asko etortzen da kanpotik basilika ikustera, eta asko dira atarian bertan basilika non den galdezka hasten direnak, harrituta. Harritu egiten da jendea, era berean, barrura sartu eta ikustean 600 metro koadroko absidearen erdian dagoen 36 zentimetroko Ama Birjinara joaten dela gure bista. Badu zerbait berezia estruktura handi horrek.

Nola egin dezakegu fraideez dugun ikuspegi estereotipatu hori ahaztu eta jendea aretora eramateko?
Nik ere egin nion galdera nire buruari: zer kontatu nahi dut eta nori, ez baita erraza 25 orduko grabazioa 70 minututara ekartzea. Saiatu gara ekilibrioa bilatzen eta 16 bat urtez gorako publiko zabalarentzako zerbait sortzen, gustagarri egin dakiokena Arantzazu ezagutzen duenari nahiz ezagutzen ez duenari; sinestunari nahiz sinestuna ez denari. Ordubetean kontatzen denarekin gerta daiteke ezagutzen ez dutenei testuingurua falta izatea tarteren batean, baina funtzionatzen ari da emanaldietan. Egia da, aurreiritziengatik, zaila dela gazte jendea eramatea emanaldietara, baina etortzen diren 20 urtetik 40 urtera artekoak harrituta irteten dira emanalditik. Lehenengo partea gehiago da espiritualtasunari eskainitakoa, baina tarte hori ere jendeak gustura ikusi duela esango nuke, fraideek beren sentimentuetatik kontatzen dutelako bizi izan zutena. Fraideen artean ere, ezberdin ulertzen dituzte erlijioa eta espiritualtasuna, eta gizarteko gaien inguruan ere iritzi ezberdinak dituzte.

Zer dela esango zenuke dokumentalaren funtsa?
Arantzazuren balioa balioan jartzeko dokumentala da, Arantzazuk Euskal Herriari zer eman dion eta zer ematen dion erakusteko sortutakoa. Nik beti esaten dut, kakotx artean, Arantzazuri esker dauzkagula bi altxor gaur: euskara eta Idiazabalgo gazta. Jendeak ez du lotzen Idiazabalgo gazta izendapena Arantzazurekin, baina egiaz hala da. Artzain eskola han dago, eta Nikolas Segurola zenak lan izugarria egin zuen eta sekulako bultzada eman zion ardi latxari.

Gaur egun zer da Arantzazu eta zer itxura hartzen diozu etorkizunerako?
Kristau espiritualtasuna sustatzen duen santutegia eta bila dabilen pertsonarentzako tokia da, bila ibiltze hori oso zabala izanik. Jende ezberdinaren topaleku izaten jarraitzen du Arantzazuk, uneoro berritzen ari den topalekua. Fraideen anaidia, hori bai, ahuldua dago; jende gutxiago dago eta beren ekarpena ere ezberdina da, baina beraiek sustatzen dituzten gauza asko Arantzazuko Adiskideen Elkartetik ari gara egiten orain. Lan egiteko era moldatzen doa, baina Arantzazuk jarraitzen du izaten orain arte izan dena.
Etorkizuna? Denok egiten dugun galdera da eta erantzunik ez duena. Fraideek eurek ere ez dute garbi, eta dokumentalean zabalik laga dugu galedera. "Izango da" hitzekin amaitu dugu. Zerbait izango da; itxaropen hori daukagu.

Informazio osoagoa: arantzazudokumentala.eus