Karakate-Irukurutzetako sarraskia

Erabiltzailearen aurpegia Okil Beltzak 2012ko urt. 30a, 08:47

Urte berri, eraso berri inguruneari. Oraingoan elgoibartarrok maite dugun eta arnasa hartzera eta paisaia mirestera sarri joaten garan inguruaren aurka: Karakate-Irukurutzeta mendikatea.

 Orain igotzen denak tristura eta haserrea sentituko ditu. Joxe Miel Barandiaranek burua altzatu eta ikusiko balu zer triskantza egin duten bere “trikuharrien bidea”-n, parajea zaintzeko kobratzen dutenen axolagabekeriagatik, hankaz gora jausiko zen. Egurretan dabilen tonelaia handiko kamioiak ehunka metroko orbain sakonak egin ditu Muskurutxuko azal hauskorrean.
 Basozaintzaren arabera, egurgileak bete egin ditu ezarritako baldintzak eta udarako sarraskia egin baino lehenagoko itxura bera izango du. Kutsatzaile edo erasotzaileek alegatu dezakeen aitzakia: “lasai, denboralditxo baten barru ez duzu ubeldurarik izango eta”.
 Nola baimendu daiteke makinaria astuna erabiltzen duen basogintza flora, fauna eta kultur agerpenengatik oso hauskorra den eta babes bereziko erregimen juridiko duen natur intereseko eremua baten? Gainera, pinadi berriak landatzen ari dira.
Argi dago basogintza mota hau eta zonaldearen “babes berezia” ezin direla bat etorri. Eta, dirudienez, egun interes ekonomikoa ingurunearen gainetik dago eta honen zaintza paper bustia besterik ez da.
 Hirigintza Antolatzeko Plan Orokorrari egin genion alegazioetan genion bezala, berrriz diogu: inguru honetan dauden koniferen landaketak kendu, pagadiei lehentasunezko babesa eman eta bertako zuhaitzak birlandatu lehenbailehen. Berandu egiten ari da.
Soraluzeko udala egiten ari den bezela, Elgoibarkoa ere pagoa landatzera ea noiz animatuko den, edo “Elgoibar berdea” rotondetara mugatuko da?

 


Karakate