Halere, udal honen ohiko jarduera da krisira eraman gaituzteneri mesede egitea, eta horrela jarraitzen du eskuineko politikak aurrera eramanaz, etxeak kantitatean egiteko proiektuak arkitektu bulego handien eskuetan uzten, proiektu txiki eta jasangarriak egin beharrean.
Lerun txiki bota zuten, ezer ere ez egiteko, eta bitartean etxe berriak proiektatu dituzte. Ikusi ahal izan dugu Morterika ingurua dela zemento gabe dagoen elgoibarko Deba ibaiaren zati bakarra, animalia basatientzat ura edateko leku bakarra. Poligonoa egitea 1992 urtean onartu zenez, ez dute egungo legea bete eta ingurugiro txostenik behar zementua botatzeko, horregatik ari dira orain onartzen poligono berriak, daudenak husten egon arren.
Agian guri tokatzen zaigu espekulazioaren eta balio erantsiaren arteko ezberdintasuna azaltzea. Gu ez gara ekonomilariak, beraz, ideia esplikatzeaz gain, definizioen lotura uzten dizuegu zuek garatzeko zuen kabuz.
Balio erantsia, zerbaiti aldaketa bat egin ondoren honen balioa hazten denean deitzen diogu, produktua hobetzea erosleak baloratzen duen terminotan. Helburua hobekuntza bat ematea da. Definizio zehatza hemen: http://eu.wikipedia.org/wiki/Balio_erantsi
Espekulazioa aldiz, merkatuaren eskari/eskaintzak jartzen duen prezioan du zerikusia, balio arrazionaletan baino gehiago. Helburua ekonomikoa da. Hemen ere definizioa: http://eu.wikipedia.org/wiki/Espekulazio_%28ekonomia%29 eta kasu honetan espekulazioa bultzatzen ari dira Udaletik.
Ikus ditzagun adibide batzuk:
- Elgoibarren HAPOak aurrikusten dituen 1000 etxebizitza berri egitea ESPEKULAZIO hutsaren planteamendua dela deritzogu. Iraganean krisiaren behea jotzera eraman gaituzten errezetak, ezjakinenak ere kritikatzen dituen errezetak erabiltzen jarraitzen ditu udal honek.
- Beste kontu bat izango litzateke jada eginak dauden etxebizitzeri BALIO ERANTSIA ematea, adibidez helbarritasun bat dutenentzat edo nagusientzat egokitzea, kotxesillak eta bizikletak uzteko lekuak egokitzea portaletan, ekologikoki efizienteak egin berotzen eta hozten ahalik eta energia gutxien xahutzeko, balio erantsi honekin ongizate orokor bat lortuko litzateke, eta ez gutxi batzuren (energia ekoizle eta banatzaile handien, promotoreen, lurjabe eta bankuen) interes ekonomiko soilak asetzea.
- Beste adibide garbi bat kiroldegia izango litzake: Mintxetara eramatea eta egun dagoen lekuan etxeak egitea ESPEKULAZIOA dela deritzogu. Aldiz, dagoen lekuan kiroldegiaren hazkundea era jasangarri batean egitea, balio erantsia litzateke: herritik kiroldegiko instalakuntzak erabiltzeko gertutasun bat legokeelako hartara, gizarte estresatu honetan ez daukagun denbora hobeto probestuko genukelako. Zer esanik ez kirola egiteko ibilgailuak ez hartzeko gonbita dela egungo kiroldegia, gertu dagoelako, eta aparkatzeko lekurik ez dagoelako oinez edo bizikletaz joatea da logikoena, herriko edozein puntutatik 5 minutu baino gutxiagoan zaude bertan. Hori da mugikortasun jasangarria bultzatzea gure ustez.
Egungo krisia ez da soilik finantzieroa, gainera datorzkigu krisi energetikoa eta ingurugiro krisia, horiek izango dira krisi finantzierotik ateratzea luzatuko dutenak.
Mundu finito batean hazkunde infinitoa ezin da egon. Alderdikeriak eta berekoikeriak albo batetara utzi, eta Elgoibartarron etorkizunean pentsatzeko garaia iritsi da!
Orain lehen baino ozenago, eta jasaten ari garen krisi honen jatorriari erreparatuz, historiak ematen digun esperientziatik diogu HAPO hau ez dela herritarrontzat diseinatua, Udal buruen laguntxoentzat baizik.
Gaiari lotuta datorrela iruditu zaigunez, Midas erregearen istorioa kontatzen bukatuko dugu gaurkoa: Midas erregea, oso errege aberatsa zen, baina beti gehiago nahi, eta herritarrak zergaz itota zeuzkan. Urreak liluratzen zuen erregea zen, dena nahi zuen urrezkoa, urrearen dizdirak zeharo katiatuta zeukan. Hona hemen istoria:
Egun batean Hermes agertu zitzaion, eta berak desio zuena emango ziola esan zion.
Midas erregeak, ukitzen zuen guztia urre bihurtu nahi zuela esan zion Hermesi. Horrela bada, Hermesek, hirigintzako zinegotzi kargua eman zion lurzoruaren legearen garai ilunenean. Plano bat hartu eta bere erret atzaparra erortzen zen lekua urrezko bihurtzen zuen. Herriari itsatsitako lurrak lehenik, erreka ondoko baratzak ondoren, parke eta lorategiak, hurrunago zeuden zelai eta larreak... poliki poliki dena joan zen urre bihurtzen.
Pozez txoratzen zegoen gure erregea bere dohai berriekin. Inguruko urre merkatari handienak gerturatzen zitzaizkion mesedetxoak eskatuaz. Munduko zoriontsuena zela pentsatzen zuen. Hain zen zoriontsu, ia ia lorik ere ez zuela egiten urrezko zelaiak kontatzen.
Baina halako batean urrearen izurritea etorri zen. Urrea zen guztiari erdoila sartu zitzaion. Inork ez zuen urrerik nahi. Izurrite honi "Krisia" izena jarri zioten. Biztanle gehienak ezer gabe geratu ziren, ordura arte urrerik ez zeukana ez zelako tituludun Midasen gortean. Midas bizi zedin zergak igo eta igo, are okerrago bizi ziren ordutik. Kanpoko inork ez zuen herrialdera joan nahi krisia zela eta, eta berak kanpoan erosteko ahalmenik ez zeukan, jada ezertarako balio ez zuten lurrak zeuzkalako.
Orduan lehenago nola bizi ziren gogoratu, eta arto eta gari haziak lurrera botatzen hasi zen, baina urrearen gainean ezin zen ezer ere ernetu.
Hermesena bueltatu zen negar zotinka, eta dohaia atzera botatzeko erregutu zion, baina jada beranduegi zen, Hermes bera ere urre bihurtu zuelako. Halaxe pasa zituen Midas erregeak azken egunak, urrez inguraturik gosez hil zen arte, izan ere, laguntxook, urrea ezin da jan.