Energia: Xahutzea eta aprobetxamendua

Erabiltzailearen aurpegia Okil Beltzak 2013ko urt. 25a, 11:14

Jakina da energi krisia gainean daukagula, aspaldi zoro batzuri entzuten genien Peak Oil-az (Petrolioaren bukaeraz) berba egiten.

Orain, gero eta sarriago entzuten dugu, eta baita gure poltsikotan zuzenean nabaritu ere. Ez bakarrik hori, lehengaiekin ere bukatzen ari garela edo Peak everything da azken aldian gero eta gehiago entzuten ari garen hitza. Gazteleraz dioten bezela; se acabó la fiesta

  Eta aurreko sarreran genionez, horrek krisi finantzierotik ateratzea oztopatuko du, baina ez hori bakarrik, orain bidea prestatzen hasten ez bagara, etorkizunean gorriak ikusiko ditugu.

  Peak oilaz gain, energia fosilen bukaera gainera dator. Betikoek (garai batean nuklearren alde zeudenak adibidez) Fracking-a moduko barrabaskeriak proiektatzen diharduten bitartean, zentzuak esaten du energia kontsumoa gutxitu behar dugula.

  Agintariek, behin eta berriz ekoizle handiekiko eta dependentzia areagotzera jotzen dute, etorkizuna gero eta gehiago hipotekatuz.

  Okil Beltzok kezkatuta gaude Elgoibarko eta EAEko energia kontsumo eta dependentzia energetikoaz, eta okerrena, energia berdea edozeri deitzen diotela ikustea da. Manipulazio interesatu horrek sutzen gaitu!

  Energia garbiena, kontsumitzen ez den Kw-a da, beste era batean esanda, sortu behar izan ez dena, eta hori ez da kobazuloetan bizitzea. Ea bi adibidetan esplikatzea lortzen dugun:

  • Batean kontsumo arduratsua dago, alperrik gastatzen dena ez xahutzea. Logikoa dirudi, baina ez dugu horrela jokatzen. Adibidez, berogailua jarrita leihoa zabaltzea, erabiltzen ez dugun argia piztuta edukitzea, Stand By edo kontsumo fantasma deritzana (Telebista, bideo eta abarrak StandBy-an daudenean itzalduta egon arren) guztiz ez itzaltzea, errepide eta autopistetako argiteria gutxitzea, adibide batzuk jartzearren.
  • Bestean, gutxiago gastatzera eramaten gaituztenak egongo lirateke. Efizientzia energetiko altueneko gailuak erabiltzea, adibidez sukaldatzeko gasa jartzea bitrozeramika, indukzioa eta gainerako elektrikoen ordez, A efizientziadun hozkailu, garbigailu etabarrak edukitzea (eta horiek erosten laguntzea edo behartzea), garraio kolektiboa, ibilgailu txikiak eta motor txikikoak erabiltzea bultzatzea eta ez direnak zigortzea, edo errepideetako gehienezko abiadura jeistea adibidez...

  Azken kontzeptu honekin lotuta, efizientzia energetikoari begira, baina inbertsio handiago bat egin ostean, "Passive House" kontzeptuarekin topo egiten dugu, edo eraikuntza bioklimatikoekin, esate baterako.

  Passive House edo etxe pasibo kontzeptua, kanpo energiarik behar ez duen etxea da. Kasu horietan, inbertsioa egin behar bada ere, oso urte gutxian buelta ematen zaio, eta errentagarritasuna lortu, eta energia hartzen ari den preziotan, gero eta bizkorrago berreskuratzen da jarritako dirua.

  Behin kontsumoa jaitsita, autosufizientzia da hurrengo urratsa. Horretarako, energia beharra kuantifikatu behar da. REEn ikus daiteke Elektrizitate eskaria uneoro:

 

 

Eta energia behar hori asetzeko, hemen sartuko genituzke energia berriztagarriak eta fosilak gutxitu.

Energia berriztagarriak, energia fosilak edo nuklearrak ez direnak dira. Ohikoenak eguzki, ur edo haizearen aprobetxamenduak dira, baina badira beste hainbat iturri ere, edo beste batzuren konbinazioa izango litzateken kogenerazioa edo berraprobetxamendua.

Adibidez, ur beroko eguzki plakak jarriko bagenitu, etxeko ura 5ºtan egotetik plaketatik 15ºtan aterako balitz, ondoren gutxiago berotu beharko litzake gasarekin edo argindarrarekin. Energia kontsumo handiena haserako gradu horiek igotzean xahutzen da.

Energia berriztagarriek honako abantailak eduki ditzakete zentzuz egiten badira:

  • Ekoizleak txikiak dira, ez interes ekonomiko soildun enpresa handiak
  • Honek kontsumo arduratsu bat egitea dakar, energia sortzea zein nekeza den konturatzen delako ekoizle txikia, eta sortzen duenera mugatzea edukiko du helburu
  • Lekuan lekuko energia sortu daiteke, autosufizientziari bidea eginez. Ekoizle handien inpaktu ekologikoa gutxitzen da, eta ez dira autopista elektrikoak behar garraiatzeko
  • Lekuan lekuko energiak direnez, garraioan dauden galerak ekiditen dira
  • Lehengaia debalde da, inbertsioa da amortizatu behar dena.
  • Ez daude kanpo harremanen menpe, petrolioa, gasa eta abar bezela, normalean herrialde ez demokratikoek kudeatzen dituzte eta espoliatzen ditugu.

  Baina berriztagarriek arazo batzuk ere badauzkate, ura, haizea edo eguzkia, dagoenean dago, eta ez dagoenean ez, beraz, energia moeta ezberdinak konbinatzea beharrezkoa da (denak berriztagarriak izan daitezke!).

  Kontzientzia beharrezkoa da, etekin ekonomikoari begiratzen zaio ekoizleak handiak direnean. Aldiz, etekin energetikoari jasangarritasunaren aldetik begiratuko balitzaio ez lirateke berriztagarrien izenean egiten diren sarraskiak egingo.

  Enpresa handien (agintari faktikoen) negozioa asko murriztuko lukenez, gobernuak ez daude energia berriztagarriak bultzatzearen alde. Ikustea besterik ez dago nori laguntzen dioten, eta oztopoak nori jartzen dizkioten.

  Ez dugu nahi dokumentu teoriko bat egitea (interneten milaka aurkitu daitezke), baizik eta ideiekin dokumentu praktiko bat osatu, Elgoibar ekonomikoki aberatsagoa (eta aberastasuna banatuagoa), menpekotasun gutxiagorekin eta ekologikoki jasangarriagoa egiten lagunduko duena.

  Esperantza eta ilusio handiarekin gaude. Jakin badakigu gainera datorkigun peak everything edo kolapsoak bakoitza bere lekuan jarriko duela, eta orduan erantzukizunak eskatzea baino, nahiago dugu etorkizunari ateak guk geuk zabaltzea. Bide berean goazen guztiok bultza egitea besterik ez da behar.

  Horregatik, hurrengo atalean Elgoibarren egingo genituzken gauzen azterketa bat egingo dugu.

  Bitartean, Ekoguneko bideo honetako 14.minutuan Una Pascual Ekologia-ekonomilariaren hitzaldia ikustera gonbidatu nahi zaituztegu: Ekonomia berde eraginkor bat.

Elkarrizketan, berriz, ekonomia berdea izango dugu hizpide Unai Pascual ekologia ekonomialariarekin. BC3 klima aldaketa ikertzeko euskal zentroko kidea da Pascual, eta baita Cambridgeko unibertsitateko irakaslea ere. Ez dator bat adibidez Nazio Batuen Erakundeak egiten duen ekonomia berdearen definizioarekin. Pascualen ustez iraunkortasun irizpideek izan behar dute ardatza, eta horra egokitu behar du ekonomiak, eta ez alderantziz. Rio + 20 lurraren gailurraren bezperetan jardun dugu Unai Pascualekin.”