Argiako Zero Zabor blogean irakurri dugunaren arabera (Gainontzeko prentsan ez da erraza horrelako notiziak irakurtzea):[Pello Zubiria Kamino] Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak abenduaren 31an argitaratu zituen GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren 2016rako tasak. Horietan ezustekoa eraman dute organikoa ondoen biltzen duten herriek: GHKri entregatutako errefusaren tasak %11 igo dira eta, aldiz, organikoarenak %44 eta %88 artean.
GHKren lehendakari eta Gipuzkoako Ingurumeneko foru diputatu den Jose Ignacio Asensio Bazterraren sinadura daramaten aurrekontuetan tarifa bakar berria ezarri zaio bereizi gabeko azken errefusari: tonako 157,38 + BEZa. Errefusa 2013-2015 epean mantendu zenez tonako 141,64 eurotan, %11ko igoera berdina udal eta mankomunitate guztientzako.
Aldiz, bereizitako organikoaren tratamenduak askoz igoera handiagoa nozitzen du 2016an. 2012-2015 epean GHKk entregatutako tona organiko bakoitza 70,82 euro kobratzen zien bere bazkideei, horrela sustatuz gaikako bilketa selektiboa. Oraingo tarifetan, gaika bildutako organikoaren tasak eta errefusarenak hurbiltzen dira, horrek esan nahi duenarekin: organikoa zabor nahasietatik bereizita bildu eta konpostatzeko ahaleginak zigortu egiten da.
Tarifa berriak mankomunitateka sailkatu ditu GHKk eta honela pagatuko du bakoitzak: Debagoienak 102,30 euro (+%44,45), Sasietak eta Tolosaldeak 110,17 euro (+%55,56), Urola Erdiak 118,04 euro (+%66,67), Urola Kostak, San Markok eta Debabarrenak 125,90 euro (+%77,77) eta Txingudik 133,77 euro (+%88,88). Baina tarifen igoera ezberdinok nola erabaki ditu GHKk?
ARGIAk jakin duenez, mankomunitate bakoitzean biltzen den organiko guztia batuta, bakoitzak daukan kalitatea neurtu dute (karakterizazioa) eta organikoak dakartzan zikinkerien (inpropioak) edo garbitasunaren arabera finkatu dira prezio hauek. Aspalditik demostratuta dagoen arren derrigorrezko sistemetan (Atez Atekoan bidenabar) bildutako organikoa askoz garbiagoa izaten dela borondatezkoetan (bostgarren edukiontzia) bildutakoa baino, mankomunitate baten barruan herri guztietakoa nahastu eta horien emaitzan oinarritu dira GHKko agintariak prezio berriak jartzeko.
GHKk zigor doblea ezarri die, beraz, hondakinak kudeatzen onenak diren herriei eta herritarrei. Alde batetik, askoz gehiago igo berezitako organikoaren tasak errefusarenak baino. Bestetik, organikoa bera txukunen bereizten dutenak (Atez Atekoarekin) parekatu bermerik gabeko sistemekin (5. edukiontzia) biltzen dutenekin.