Erakusketa egunak bukatzen ari diren honetan, Kalamua Guraso Elkartea pozik dago, ia bederatzirehun ikusle pasa dira bertatik eta 640 ikasleei erakusketa azaltzeaz arduratu da gure Elkartea. 640 ikaslek ezagutu dute Errealaren eta orohar kirolaren alde ezezaguna, emakumezko kirolarien atala, ikasi dute Erreala eta Kirola, futbola baina askoz gehiago badela, eta hain ezagunak suertatzen diren izen horiez gain, hainbat emakume kirolari daudela, punta-puntako kirolariak direla gainera. Merito handiko kirolariak, adorez eta kemenez beteriko kirolariak, emakumeak.
Erakusketaren hildotik, Herri Eskolan, gure eskolako ama den Yolanda Mateos-ekin solasaldia izan genuen. Yolanda, futbol jokalaria izan da Sabadell, Levante edo Eibarko taldeetan, baita Espainiako zein Euskadiko Selekzioetan ere. Bere bizipenak kontatu zizkigun eta ondoren futbolean ere aritu ginen elkarrekin.
Pozik egoteko moduan gaude beraz. Eskerrik asko Ikastolari, ekimen honetan parte hartzeagatik, eta zuen ikasleak erakusketara ekartzearren, baita Herri Eskolari, noski. Erakusketaren aurkezpenean esan bezela, berdintasuna lortzekotan, guztion artean lortuko dugu eta!
Ekintza hau antolatzeko Kalamua Guraso Elkartea elkarlanean aritu gara Udaleko berdintasun sailarekin eta errealeko fundazioarekin.
Argazki gehiago: http://www.elgoibarlhi.hezkuntza.net/web/guest/2