Puntak eta orpoak

 

“Mahai gainean, Danimarkako gaileta-kaxa borobila”

 

Lorategian esekitzen ditu arropak udaberrian. Eguzkiak jotzen du etxearen albo horretan, eta, berehala lehortzen dira. Neguan ez, ainubetan geratzen da baratzearen aldamenean aitak aspaldi inprobisatutako arropa zabaltzeko soka. Txukundua du txokoa; hortentsiak hazten hasiak dira, eta mahai bat eta aulkiak, duela gutxi berriztuak, urteetan ganbaran herdoiltzen egon ostean, granate kolorez margotuta daude orain. Bertan eserita gosaldu ahalko duenaren ideak pozten du, eta bisitan datozenekin kafea hartzeak.

Arropak garbigailutik atera, eta, banan-banan, sokaren gainean eseki ditu. Goiz den arren, eguzkiak jotzen dio ilean, eta Marseillako xaboiaren usainak indartuta, hego haize atsegina sentitu du aurpegian. Izarak lehenengo, gauza handiak atzean, amamak agindu bezala. Vichy-koadro beltzdun mahai-zapia. Toallak, gero. Gogokoenak estanpatuak ditu, marrazkidun toallak, nahiz eta zaila izaten den halakoak dendetan topatzea. Arrosak dira, lore zuri handi batzuekin. Etxean egoteko mantala, ondoren, loreduna,  Liberty London etiketarekin. Aurrean, lehenengo sokan, galtzerdiak.

Etxeko galtzerdi guztiak garbitzen ditu, noizean behin; tiraderan gordeta hezetasun usaina hartzen dutela iruditzen zaio. Eskuz eginak ditu, koloretakoak, belaunetarainokoak asko.

Lehortu dira arropak, konturatzerako. Jaso ditu, tolestu eta saski batean sartu ditu denak.

Eguzkitan, forjazko aulki granatean patxadaz eserita, zulatutako galtzerdiak josten hasi da. Puntak eta orpoak. Mahai gainean, Danimarkako gaileta-kaxa borobila. Aspalditik gordeta ditu hari berdea, urdina, gorria, horia, grisa, laranja, beltza, zuria, eta, imajinatu daitezkeen kolore guztietakoak; artaziak; jostorratzak eta sekula erabili gabeko titarea.

Berotzen hasia da eguzkia. Soinean daramatzan arropak erantzi ditu, eta puntada batzuk eman dizkio bihotzari ere.