Otsaila

2024ko otsaila

"Ohiturak aldatu ditu. Aldarazi dizkiote."

Hara eta hona dabil itsasertzean hankak uretan sartuta. Maite du neguko eguzkiak hezurrak berotzen dizkioneko une hori, zer goxoagorik. Bakea ematen dio itsasoak, lasaitasuna. Malekoian ibiltzen zen bueltaka oraintsu arte, edo itsasargiraino egiten zuen egunero osteratxoa, labarretatik; ahal duen guztietan ortozik ibiltzea erabaki du orain, ordea. Ohiturak aldatu ditu. Aldarazi dizkiote. Gogoan du udaberri aldera izaten zela gazteago zenean harea zapaltzen hasteko eta ura ukitzeko garaia, Aste Santuaren etorrerarekin batera askotan. Begira geratu da, eta, surf egiten ikasten ari den emakume talde bat ikusi du uretan, dozena erdi kontatu ditu, baita beste horrenbeste norbanako bainua hartzen ere. Ez dira betikoak. Oraindik eskolara joaten ez diren haur txikiak dabiltza hondarretan jolasean, bikote gazteak ere bai, lurraren epeletan etzanda.
Eman du ordubete bueltaka, aspertu da, hankak garbitu ditu txorrotean eta hondartzako tabernako terrazan eseri da, libre aurkitu duen mahai bakarrean. Pentsatu du lehen ez zela herrikoa ez zen jenderik etortzen urte sasoi honetan, ez behintzat astegun buruzuri batean. Taberna zabalik egoten ote zen ere ez daki ziur, jokoa egingo luke ezetz. Kafea eskatu dio zerbitzariari, izotzarekin. Eguzkiak ez dio ondo ikusten uzten, baina mahai gainean dagoen egunkarian irakurri du aurten tenperaturek gainditu egingo dutela Lurraren 1,5 graduko berotzearen langa. Inoiz neurtu den urterik beroena izan dela iazkoa -Copernicus atmosfera behatzeko Europako Batasunaren agentziak, Munduko Meteorologia Erakundeak eta NASAk baieztatu dutenez -. Are gehiago, marka hori gainditzeko arriskua berehalakoa dela, 2024an egin dezakeela, zenbait iragarpenek aurreratu dutenez.
Bi pertsona daude ondoko mahaian: San Blas opila kafesnetan bustitzen bata, kafe hutsaren kikarari putz egiten bestea. Otsaila da.