Non?

2024ko maiatza

“Bista-bistan ez badago, ez dute ikusten”

Zenbat aldiz galdetu dizute zuri, ama, non dagoen honako edo halako?
-Non dago? Ez dago
-Nola ezetz? Nik joan behar al dut?
… Non hago, zer larretan
Urepeleko artzaina…
Ez, oraingoan ez nator ekartzera horrenbeste gustatzen zaizkidan aipu, poema, ez eta inoren hitzik. Ez, sarri galdetzen diguten Non? horri buruz nabil. Gertaera ohikoa edonoren etxean, esango nuke.
Non dago? Seme-alabek amari. Halako lekutan, amak. Ez, ez dago, erantzuna berriro. Nik joan behar al dut? Amak. Eta lehenengo saiakeran topatu amak besteek aurkitu ez dutena. Bista-bistan ez badago, ez dute ikusten. Begiak erabiltzeaz gain, zertarako daude eskuak, bada? amak behin eta berriz. Agerian ez badago, eskuak erabili lehenengo lekuan dagoena mugitu eta azpian begiratzeko. Horren zaila al da?
Beti pentsatu izan dut antzeko zerbait gertatzen zaigula oporretan, edozein hiritako erdigunera edo “intereseko” lekuetara soilik joaten garenean. Jende andana monumentuak, katedralak eta derrigor ezagutu beharreko horiek ikusten. Zein zirraragarria den, baina, turismo gidek erakusten ez dituzten txokoak deskubritzea, apur bat urrundu eta jendez hutsik dauden lekuak aurkitzea.
Venezian izan zen duela urte asko. Taldetik alde egin genuen lagunak eta biok, Muranoko kristalezko goxokiak erosi nahi genituen eta, denda baten bila. Inor ez zegoen txoko batetara iritsi ginen, noraezean, maparik gabe gindoazela. Zubi baten ondoan geunden, bakarrik. Bertan izan nuen estreinakoz sentipen hura: txoko ixil hartan sentitu genuen Venezia, Piazza San Marcon beste edo are sakonago. Non? galdetzean atzematen ez den Venezia, lehenengo begiratuan ikusten ez dena.
Pertsonekin ere gertatzen zaigu. Areago joan gaitezen, bada, eta gainean edo aurrean dagoena kendu eta barneragokoa ikus dezagun. Zergatik agerikoarekin geratu?