Geruza arrosakara batek estalia ikusi du bide bazterra, elur maluten antzera erortzen zaizkio petaloak buru gainera, aurpegian sentitzen ditu. Ez du geroko edo biharko utzi nahi izan eguneroko pasealdia, euria datorrela esan dio bizilagunak, hala ere, zerua urdin dago oraindik. Cerasus serrulata - Prunus serrulata ikusi du idatzita gereziondo japoniarraren azpiko kartelean. Badaki hori jartzen duela, borratuta daude letrak eta ez da erraza ezer irakurtzea haize boladek eragindako lore ekaitzaren erdian, baina irakurtzeko gai da.
Aspaldi maitemindu zen zuhaitz mota harekin, loraxka delikatu haiekin. Hain iruditzen zaizkio eder, horren iragankor. Sakura izena dute loreek. Entzun zuen behin gereziondoen loreei begira ematen diotela ongietorria udaberriari japoniarrek. Parke eta lorategietara joaten omen dira, koadrodun mantelak lurrean zabaldu eta piknik bat eginez, loratutako gereziondoen azpian ederraren kontenplazioan ematen dituztela orduak. Zirraraz bizi du une hori berak ere, udaberria barnean sortzen hasten zaionean gertatzen den moduan. Magikoa iruditzen zaio une hori, eta are magikoagoa sakurek astebete soilik bizirauten dutela jakitea. Edertasunarekin kateatuta sentitzen du bere burua. Ulertu du bizitza dela sakurak bezain eder, baina are gehiago iheskor, igarokor, iragankor, galkor, labur eta motz.
Erleen burrunbak esnatu du pentsamenduen zurrunbilotik, lainotzen hasi da. Mariorratzak, tximeletak, igelak eta satorrak aurkitu ditu bidean, epel dago, eta kantuan doa “ ...bizitza une bat dela, bakarrik une bat, inoiz ez ahaztu... bizitza une hau dela, bakarrik une hau, eta gu”. Euri tanta bat igarri du eskuan, beste bat, asko; zerua beltz dago eta trumoia entzun du gertu; zaparrada. Etxera bueltan denerako, bide ertzeko geruza arrosakara urak darama estoldarantz.