Gorri, laranja, hori, marroi errepidearen ertzetako arbolak; hosto eroriz eta putzuz betea bidea; hezetasuna. Errekaren eta trenbide zaharraren aldamenean eraiki zuten, estua eta bihurgunez josia. Eder dago parajea eguerdian, hasi baitira eguzki printzak pinuen artetik agertzen, lotsati, eta argitu baitituzte emari txikiko ur-lasterra eta bidea.
Auto gutxi ibiltzen da, lau doaz orain bata bestearen atzetik, errepidean zehar:
Lehenengo autoan, lanera doa berrogietamar urteko gizasemea, bakarrik. Albistegia entzuten ari da irratian, zigarroa eskuan, eta kafe usaina ahoan. Arratsaldeko txanda du aurretik. Azkar doa, bidea buruz baleki legez, badaki jakin.
Hiru doaz bigarrenean, hirurogeitaka urteko senar-emazteak eta ile urdindun emakume edadetua. Laka usaina. Hiruretako batek ez daki elkarrekin egingo duten azken bidaia denik. Aurreko jesarlekutik, alaba galdezka ari zaio amari ea pozik dagoen, esan nahi dio ederra dela doazen lekua, bere antzekoak izango dituela lagun eta ondo zainduta egongo dela; konturatu orduko, bisitan direla. Gidaria isilik doa, amaginarrebarekin bizitako oroitzapenak buruan; artean, atzekoaren buruak non dagoen ere ez daki.
Aspaldi ikusi ez duen lagunarekin bazkaltzera doan emakumeak gidatzen du hirugarren autoa. Urduri doa, gau guztian lorik egin gabe, pozik, perfume usaina eta irribarrea ezpain gorrietan. Gazteago zireneko musika irratian, gustuko du ozen kantatzea.
Mutil gaztea gidari laugarrenean, emakume bat du aldamenean. Lore sorta bat daramate atzeko jarlekuan, zinta itsasgarria eta artaziak. Barruan gordetako saminak malko itxura hartzen du ama-semeen begietan; ixiltasuna, gortzeraino. Autotik jaitsi dira biak, eta loreak jarri dituzte bihurguneko seinalean, moto istripuan hildako aita-senarraren omenez.
Bide beretik doaz zazpiak, zapata ezberdinak soinean. Ez dute elkar ezagutzen, ez zaio inori ardura.