Batek baino gehiagok esan dit Gabon bezperan ohean sartu eta urtarrilaren 7ra arte bertan geratuko litzatekeela, berarengatik balitz. Maider Galardiri irakurri diot arazoa ez dela familia jasanezina izatea, ez kontsumismoaren zurrunbiloan itotzea, ez nostalgia, ez argiteriaren kutsaduraren kezka, ez obligazioa edo gorputzarekin eta elikadurarekin eduki daitekeen nahasmena; barrurago dagoen zerbait dela, derrigorrezko zoriontasunaren arazoa dela gakoa: eskolara itzuli eta Olentzerok zer ekarri dion asmatu behar duen umearena edo depresioak jotako lagunak Instagramera argazkiak igo behar dituenekoa, berbarako.
Ile-apaindegian ere ikusi dut, asteon. Bezero bat sartu da lore sorta eskutan, ile-apaintzaileentzat da: haren ama ondo tratatzen dutela eta esker ona agertzeko. Negarrez hasi da; gurasoak zahartzen ikusten dituela, eta Gabonak oso tristeak izan direla aurten, eta haienean egon denetan gaizki pasatu duela, eta... Politak dira loreak, oso, eta, joan denean, galdetu diet ile-apaintzaileei ea usainik ba ote duten; gerturatu egin naiz, eta badute. Gogora etorri zaidana ez dut esan. Han zegoen beste batek bai, esan du. Hildakoen usaina hartzen omen die, amona hil zenean usain hura geratu zitzaiola oroitzapenetan iltzatuta. Loreak norbait hiltzen denean bakarrik ukitzen dituela, bestela ez dizkiola inork oparitzen.
Dena den, beti geratuko zaigu aukera geure buruak derrigorrezko zoriontasunaren errefuxiatu izendatzeko. Beti geratuko zaigu Paris. Eta ilea moztu dut. Banoa, 2025, pozik, egia esan.