Palestinako genozidioa eta ardura instituzionala

Erabiltzailearen aurpegia Irene Macazaga 2025ko urr. 3a, 11:00

Hizkuntzak berebiziko garrantzia du bizi ditugun egoerak izendatzeko orduan. Ez da gauza bera gatazka eta arrakala. Ez du adiera bera gerrak eta genozidioak. Azken bi termino horiek bereizteak ahalbidetzen digu gaur egun bizi dugun egoera ankerrenetako baten deskribapen xehea egitea: Israelgo estatu sionista Palestinar herriaren gaineko genozidioa gauzatzen ari da.

Aurreko bi asteetan nire zutabekideek hizpide izan duten ildoari jarraituko diot gaur. Arkaitz Urangak detaile handiz deskribatu zuen Palestinako egoerak gure egunerokoan zer leku–eta forma–hartu duen; zer barne-gatazka sortzen dizkigun. Naia Aizpuruak, berriz, izaera kolektiboari egin zion deia, antolatzearen eta kaleak hartzearen garrantzia azpimarratuta. Bi aspektuei ezinbesteko deritzet: erabaki indibidualei zein mugimendu sozialari.

Palestina urruti dagoela iruditzen zaigu, ezer gutxi egin dezakegula. Badira, hala ere, gure egunerokoan har ditzakegun erabaki txikiak (kontsultatu dezakezue, adibidez, BDS mugimenduaren boikot zerrenda). Arlo sozialean, indar indibidualak indar kolektibo bihurtuta besterik ez dugu ezer lortuko. Hala erakutsi digute historian zehar lortu diren eskubideen aldeko borrokek.

Bi elementu horiez gain, hirugarren alderdi bat gehitu nahi nioke arduraren formula honi: ardura instituzionala. Instituzioen presentzia eta parte-hartzea ezinbestekoa da Palestinaren aldeko borroka honetan. Beste alde batera begiratzen duen oro konplize bihurtzen da. Horrek estatu mailako nahiz herri mailako gobernuei erantzukizuna eskatzen die. Norberak jakingo du, hori bai, Palestinako genozidioaren konplize ala salatzaile izan nahi duen.

Palestinari elkartasuna agertu nahi badiogu, eta benetan eraginkorrak diren ekintzak bultzatu nahi baditugu, etxetik hasi eta kalean amaitu beharko dugu, baina badira herriak hartu behar ez lituzkeen ardurak; badira herriari ez dagozkion buruhausteak.