Ariketa hastear bazegoen ere, nire sentipena jada gazi-gozoa zen. Ezin nion iskin egin ikusten nuenari: elgoibartarrez betetako plaza, gehienak zuriak, eta gehienak euskara etxetik jasotakoak. Aitortu behar dut bazegoela euskara ikastera animatu den euskaltegiko ikasleren bat edo beste; baina, oro har, asko eta asko euskaldun zaharrak (eta zuriak) ziren (ginen). “Betiko” elgoibartarrak.
Irmoki sinisten dut hori ez dela Elgoibarko gizartearen isla, eta hala izaterik ere ez nuke nahiko. Maiz ikusten dut euskara eta euskaltzaletasuna sustatzeko ekintzetan Elgoibarko populazioaren zati handi baten errepresentazio falta: non daude euskara aspaldi erdi-ikasi, eta inguruagatik erabiltzeko aukerarik ez dutenak? Non daude euskaltegietara joateko baliabiderik edo denborarik ez daukatenak? Non daude euskara hirugarren edo laugarren hizkuntzatzat duten etorkinak? Non daude horiek denak?
Euskaldun zaharraren eta euskara ikasten hasi berri denaren artean continuum luze bat dago; hamaika dira bi muturren tartean aurkitu ditzakegun euskaldun-profilak. Baina are garrantzitsuagoa den kontu batekin bukatu nahiko nuke: nola hel gaitezke elgoibartar horiengana? Elgoibarren euskarak bizi duen egoera irudikatu nahi badugu, ezinbestekoa izango zaigu indibiduo guztion (edo gehienon) errepresentazioa bermatzea.