Niri neuri euskararen militantziarako ez dit balio euskal kulturaren erromantizazioak. Bat egiten dut Irene Macazagak martxoaren 21eko zenbakian aldarrikatutakoarekin, euskararen inguruko “kondairak eta istorioak” albo batera utzi beharrarekin. Euskara ez da zaindu beharreko altxor ezkutu bat; biziraungo badu, gizarteari baliagarri zaion tresna bat izango da. Baina, zein da euskararen erabilera, ingelesez edo gazteleraz mintzo den munduan?
Hain zuzen, Marina Garcések hala zioen Filosofia amaitu gabea liburuko hitzaurrean: “Gaur egun, beharrezkoa da hizkuntza ez-hegemonikoen altxamendu bat, adierazteko, bizitzeko eta pentsatzeko moduak estandarizatzen ari diren hizkuntzen aurrean”. Ildo beretik, euskarak, oraindik ere zapalkuntza-ardatz bat den heinean, arauaren aurka jarduteko potentziala duela azpimarratzen zuten Kattalinek eta Anerrek Arrakala berbaldian.
Hor dago, nire ustez, euskararen balioa: nolabait, DBHn hartutako erabakiak inposizio bat iraultzeko asmoa zuen; orain, izan dadila euskara bestelako arauak hausteko tresna. Konbikzio horrek eraman nau, esaterako, tesia euskaraz egitera. Bestalde, horregatik amorratzen naute hainbeste euskararen edo euskal kulturaren izenean egindako komentario arrazista eta baztertzaileek, besteak beste.
Eta zu, zergatik zara ahobizi?