Enkajatzeaz edo(ta) etsitzeaz

Erabiltzailearen aurpegia Iker Lauzirika 2025ko ots. 21a, 13:00

Ez dizu pegatzen Elgoibarkoa izatea" esanez hasi zuen aurkezleetako batek Uxue Alberdiren biografiaren errepasoa BTN podcastean, duela hilabete gutxi. “Zeini pegatzen dio, ez?”, zioen beste aurkezle batek. Atalean zehar etsitzeaz mintzo zen Uxue eta, besteak beste, aipatu zuen berak herrian enkajatu nahi izatearekin etsi zuela.

Garai berdintsuan, Danele Sarriugartek, hizkeran nabaritzen ez omen zaion arren izatez Elgoibarkoa zela esanez abiatu zuen Aldatzeko nahia artikulua Berrian. Honek ere herrian ezin enkajatzea zuen hizketarako gai; aldiz, Danelek, nolabait, Elgoibarri leporatzen zion horren errua. 

Bi hausnarketa horiek nire elgoibartar izaeraz pentsatzea eragin didate. Gogoratu dut nik neuk ere, garai batean galdu nuen Elgoibarko hizkera kontzienteki errekuperatzeko esfortzua egin nuela. Suposatzen dut ni ere gogor saiatu naizela hemen enkajatzen. Hala ere, ahalegin horren ondorio naizen oraingo popurri traketsarekin ere ez dakit pegatzen didan elgoibartarra izateak. Enkajatu nahi izatearekin etsi dudan ere ez dut lar argi, egia esan.

 
Gogoeta hauek medio, azkenaldian maiz planteatu dut noizbehinka Barren-en iritzi artikuluak idazteko aukera. 2015eko libdub-a (malkoren baten konpainian) ikustean okurritu zitzaidan azkenekoz eta, aste berean, Barren-en kopeta zimurtu zidan iritzi artikulu bat irakurtzean etorri zitzaidan bulkada definitiboa. Aitzitik, azken urteotan herritik gutxi pasatzen naizen honetan, herrian nire iritzia zabaltzeko legitimitaterik ez nuela pentsatzeak gelditu izan nau beti. Segurtasun-eza dela eta, A.-ri galdetu nion legitimitate falta horren inguruan. Hark galdera herrixari egiteko proposatu zidan. Hau da emaitza. 


Kaixo, Elgoibar.