Ez da gaurko kontua, historikoki gailendu den ikuspegia baita eta honek orokorrean geuk, nerabeez baikortasunez hitz egiteko dugun gabezia bistarazten du. Ohikoak dira nerabe eta gazteen inguruan dauden mitoak "alferrak dira, ez dute balorerik, nerabezaroa gatazkatsua da, ez dute helduekiko errespeturik…".
Nerabezaroa bizitzako fase garrantzitsua da, heltze pertsonala, emozionala eta sexuala ematen den etapa hain zuzen ere. Aldaketa fisikoak ematen dira, eta era berean nerabeak pertsona heldu bat bezala tratatzea nahi du, oraindik ere heltze prozesua guztiz garatu ez bada ere, baina haur izaten ere jarraitu nahi du, ardura eta egoera konkretuen aurrean estutu edo kezkatzen denean. Hala ere, helduon jarrera ere aldaketa hauen aurrean berdina da, hau da, batzuetan nerabeak heldu moduan tratatzen ditugu, ardurak hartzeko eskatuz eta beste momentu batzuetan berriz, haurrak izango balira bezala, infantilizatuz.
Nerabeak bere identitatea egituratu nahi du, independentea izan nahi du, intimitatea bilatzen du eta ez zaio gustatzen ingurukoek bera kontrolatu nahi izatea. Normala da guraso paperetik, nerabeak, haur izateari utzi diola ikustea zaila izatea, hau da, gurasoekiko dependentzia hori haustea, eta horretarako beharrezkoa da helduen munduan harremantzeko eta garatzeko, askatasuna ematea. Beraz, adin nagusikook eman behar dugu lehen pausua: zerbait gertatuko ote zaien beldurra gainditu, huts egiten utzi, esperimentatzeko bideak eskaini… Guzti honek lagunduko du helduarorako garapena gauzatzen.
Etapa honek noski baditu bere zailtasunak baina ez dugu etapa gatazkatsu bat bezala bizi behar, edota ezinezkoak diren oztopoz beteriko fase bat bezala. Aukerez beteriko etapa positibo bat bezala bizitzea beharrezkoa da. Guraso, heldu eta hezitzaileon papera da bide honetan akonpainamendu lana egitea, gida moduan jokatzea eta ez kontrol papera garatzea. Noski, arauren bat hautsiz gero, mugak gaindituz gero, euren ekintzen ardura eskatzea ezinbestekoa da eta honek ondorioak izatea. Entzun behar ditugu, espresatzen utzi behar diegu baina horretara derrigortu gabe. Aholkuak eman ditzakegu baina ez ditugu erabakiak euren partez hartu behar. Konfiantzazko giroa sortzea beharrezkoa da eta haur eta heldu izatearen bitarteko oreka bat lortzea.
Helduok nerabeekin batera fase honetan badugu geure ardura, nerabeen artean giro hau sortzeko gai bagara, segituan konturatuko gara nerabeek dituzten alderdi positiboez, ikuspegi kritikoa izateko duten gaitasunaz, euren altruismoaz, adiskidetasunaren baloreaz, duten sormen eta originaltasunaz, alaitasunaz eta dituzten aurreiritzi gutxiez.
Gogora dezagun nerabezaroak dituen aukera zabalez eta alderdi positibo guzti hauez eta helduok zentzu honetan dugun arduraz. Baikorrak izan gaitezen!
-Gaztelekuko lantaldea-