Gure gizarte-egituretan, emakumeak menpekotasun egoeran bizitzea bermatzen duen kultura matxista dago. Emakumeak ez dira beldurtuta jaiotzen, irakatsi egiten zaie beldurra sentitzen, defendatzen irakatsi beharrean. Arazo horri aurre egiteko, funtsezkoa da haur zein nerabe berdintasunean oinarritutako balioetan heztea eta horren ardura daukagu helduok, besteak beste, guraso eta hezitzaileok.
"Kontuz zertan zabiltzan",
"kontuz norekin zoazen",
"bakarrik ez ibili",
"arropa hori laburregia da"
eta antzeko esaldiek emakumeen gain jartzen dute eraso posibleen ardura. Erasotzaileei, berriz, erantzukizuna kentzen diete.
Jakin badakigu gure mezuek nerabeen izaera eta erabakietan eragina dutela. Horregatik, Indarkeria sexistaren aurkako gidatik abiatuta, hezkuntzan eta gizartean dauden aurreiritzi sexistak identifikatzeko tresnak ematen saiatuko gara. Horrela, guk ere, erantzukizuna hartu dezagun.
- Emakumeen gauzak eta gizonezkoen gauzak daudela sinistea.
Genero rolak esleitzen zaizkie emakumeei eta gizonei. Nesken rolak ugalketari, hazteari, zainketei, sostengu emozionalari... lotutakoak izango lirateke eta mutilen rolak berriz, produkzioarekin, mantenu eta sostengu ekonomikoarekin zerikusia duten lanekin lotutakoak.
- Neska eta mutilak modu desberdinean hezita daudela pentsatzea.
Mutilek erasokorrak, menderatzaileak, gogorrak, bizkorrak... izan behar dutela uste da eta neskek, berriz, gozoak, maitekorrak, mendekoak...
- Indarkeria gizon gutxi batzuek duten arazo pertsonala dela sinistea.
"Eskua konturatu gabe askatu du",
"bere desioak kontrolatzen ez daki" edo
"droga eta alkohol gehiegi hartzen du"
moduko pentsaerak, gizartean dagoen indarkeria berezkotzat hartzeko justifikazioa dira.
- Erasoen eragileak emakumeak direla sinistea.
Emakumeei erasotzailea probokatu izana leporatzen zaie maiz:
"zerbait egingo zenuen",
"eskote horrekin zer nahi duzu, ba?",
"esan nizun kontuz ibiltzeko" edo
"ez zinen hortik ibili behar"
bezalako mezuekin, erasoaren ardura emakumeei dagokiela sinestarazten zaie, erasotzailearen jarrera gaitzetsi eta berari ardura eman gabe.
-Indarkeria sexistaren kontra ezin dugula ezer egin pentsatzea.
Neskei beraien bizi-espazioa hartzera, ziurtasunez ibiltzera eta beraien irizpidearekin fidatzera bultzatu behar zaie. Zerbait gaizki doala sumatzean eta zerbaitek gogaitu edo kaltetzean, erabakia hartu dezaketela jakinarazi behar zaie. Baita, ezetz esateko eskubidea dutela gogoratu ere, inork ez daukala berak nahi ez duen ezer egitera behartzeko eskubiderik.
Mutilen kasuan, beraien zeregina ere garrantzitsua dela jakinarazi behar zaie. Gizontasun hegemoniko eta maskulinotik at, beste mota asko daudela gogorarazi zaie. Baita, erasotzaileei ezetza ezetza dela eta emakumearen ordez ezin dutela erabaki argi utzi ere. Ligatzeko moduak ere anitzak direla ikusarazi behar zaie, gogaikarri edo lotsagabe izan gabe. Horrez gain, erasotzaileen kide ez izatea eta egoera matxistak salatzea beharrezkoa dela ulertarazi behar zaie.
Emakumeak ez dira beldurtuta jaiotzen, irakatsi egiten zaie beldurra sentitzen. Emakumeei ez zaie defendatzen irakasten, eta horren ondorioz, erasoak jasateko arrisku handiagoa dute.
Gure esku dago eguneroko diskurtsoak, jarrera eta portaerak aldatzea berdintasunean hezteko.
Pentsatu, eztabaidatu eta ekin!
Beldur Barik jarrerakin!
-Gaztelekuko hezitzaileak-
*Informazio gehiagorako:
- Berdinsarearen "Indarkeria sexistaren aurkako gida": http://www.ondarroa.eus/Documents/gida-indarkeria-sexistaren-aurka.pdf
- Fequiapak -Gipuzkoako ikasleen guraso elkarteen federakuntza librea- familiei zuzendutako "Genero indarkeria nerabezaroan" gida: http://www.feguiapa.org/index_htm_files/GUIA%20VIOLENCIA%20DE%20G.-%20FAMILIAS-EUSKERA.pdf