Bertatik begiratzen genuen guk ere mundua ilea ordura arte ezezagun zen eremuetan esnatu zenean. Banku beretik begiratuko dugu berezko duen lekutik erortzen hasten denean ere. Gaur hutsik, nondik begiratzen dudan begira nago. Hormari bizkarrez, iraganarekin eta etorkizunarekin enkontrura eseri naiz.
Orain gutxi altxa dira Markel, Kevin eta Jon. Eguzkia gorenean, Bilborako trena iristen den orduak elkartzen ditu asteazkenero txokora, entrenamendu aurretik pare bat piti erretzera. Ia dena berria, ia dena lehen aldiko den garaia. Sexua, esperimentazioa, borroka borborka; maitasun deklarazioak, herriarigorespenak eta amorrua hormetan. Indartsu dabil Eros.
Konturatzerako hartuko dute ordea bertan lekua, makila hormaren kontra utzi eta txapela kenduz, Juanito eta Martzelinok. Siesta osteko tertulia iluntzeko azkenaurreko trenera arte luzatuz, lasaitasun eta bake apur bat baino ez dute desio. Ia dena lehenaldiko den garaia: ausentzia, oroitzapen eta batez ere ahanzturetan elkartzen dira. Thanatos ekinean.
Bihar ere itzuliko dira batzuk eta besteak. Saiatuko naiz ezberandutzen, berriz ere bankua hutsik harrapatu dezadan; bizitzarekin jarduteko tarte batez.
2016ko ekaina. Argazkia: Eire Vila / Testua: Mikel Olaizola