Dirudienez, Zumaia eta Debako kostaldean plaka tektonikoek talka egin zuten; hori dela eta, sedimentatutako geruza horizontalak tentetu egin ziren bertikal jartzeraino. Itsas-maila hura jaitsita, sedimentu geruza horiek guztiak aztertu daitezke gaur egun. Eurei esker, milioika urtetan izandako klima eta atmosferan gertatutakoak inbestigatu daitezke. Frogatu dutenez, orain dela 66 milioi urte, 10 km. diametroko meteoritoak talka egin zuen gure planetarekin. Orduko animalia espezietan lautik hiru galdu egin ziren, tartean dinosauroak. 66 milioi urte eta gero homo sapiens espeziea sortu zen. Zorionez guretzat, ugaztun zahar haiek ondo egokitu ei ziren meteoritoak lagatako klima berri hartara.
Niretzat ere erronka izan da lanpostuan egokitzea. Unibertsitateko ikasketen zati handi batean, abiadura handiko bideen diseinu, kalkulu eta obrak egiten irakatsi zidaten: lurzoruaren analisi geoteknikoak, euri-uren drainatze sistemak, firmeen dimentsionamendu eta trazadura analisiak... Automobilaren erabilpen optimoa lehenesten zen. Aldiz, nire lanpostuan, Durangoko herritarrentzat udal azpiegitura xumeagoak diseinatu eta eraikitzen ditugu: plazak, kaleak, bidegorriak eta parkeak.
Zinegotzi batek esan zidan aurrekoan autoan buelta asko eman behar izaten zuela auzo batetik bestera joateko, herriko erdigunetik pasatuta. Arrazoi zuela esan nion, autoak erdigunetik igarotzea deseroso izateko diseinatuta zegoela bide-sarea.
Autoak beharrean, oinezkoak eta bizikleta erabiltzaileak lehenesten ditugu herri barruan. Kaleek eta plazek ez dute zentzurik oinezkorik gabe. Izan ere, umeek, helduek eta aiton-amonek, autoek ez bezala, asko ematen baitiote herriari.