Estrata horiek eraikitzeko lurrazalaren geometria, forma eta altueren mapa topografikoak marraztu behar izan zituzten. GPS, laser eta horrelakorik ez zegoen orduan. Distantziak eta angeluak neurtzeko greziar garaiko gailuak hobetu zituzten. A puntutik B puntura joateko biderik merkeenak eta aldapa txikienekoak kalkulatu eta diseinatzeko gai ziren ordura arteko ezagutza trigonometriko, geodesiko eta matematikoak erabilita. Herrien arteko distantzia neurtzeko milia bakoitzeko harrizko mugarria jartzen zuten bide ertzean. Europa osoan zehar eraikitako bide-sare itzelak abantaila geoestrategikoa eman zion Erromatar Inperioari. Bestelako herrialdeak konkistatzeko eta komertzio eta garapen ekonomiko oparoa lortzeko balio izan zien, besteak beste.
Arlo indibidualean, erakunde mailan edota sozialki hobetzea nahi badugu, erromatarrek egin zuten moduan, ondo neurtzea garrantzi handiko gaia izan beharko litzateke gurean. Egungo kalkulu baliabide aurreratuekin, estatistika zientziak eta datu baseekin ia-ia nahi beste kontu atera daiteke. Hezkuntzan, adibidez, irakasle kopurua: dauzkagunak, joango direnak eta hurrengo urteetan zenbat beharko ditugun. Ikasleekin beste hainbeste. Hirigintzan, etxebizitzekin: ditugunak, konpondu edo birgaitu beharrekoak eta zenbat eraiki beharko diren. Osasungintzan, gaur zenbat erizain eta sendagile ditugun eta hurrengo urteetan zenbat beharko ditugun. Politikan, zenbat kargu politiko ditugun eta zenbat beharko ditugun (edo ez).
Era horretara, bestelako herrialdeekin alderatu ahalko gara hainbat esparrutan. Eta konkistatzaile izan nolabaiteko abantaila estrategikoaren jabe bagara. Edo hala ez bada, gutxienez aurretiaz jakin konkistatuak izango garela.