Errealitate horrekin topo egin dudanean, ordea, konturatu naiz orri zuriaren sindromea guztiok pairatzen dugun zerbait dela, guztiok idazten dugulako etengabe: mugikorrean, lanean, etxeko hozkailuan itsasten dugun post-itean… uneoro gaude hitzez eta esaldiz bete beharreko hutsuneen aurrean. Eta zenbat aje eta buruhauste askotan: lanean bidali behar dugun email garrantzitsu hori, ikasgaiko notaren laurdena balio duen lan hori, edo bidaltzea gustatuko ez litzaigukeen baina bidali behar dugun mezu deseroso hori. Nola hasi? Zer esango dut? Nola amaitu? Sentsazio unibertsala dela esatera ausartuko nintzateke.
Egia da gaur-gaurkoz hamaika tresna dugula eskuragarri lan horiek errazteko (adimen artifizial sortzailea, kasu), baina tentuz erabili beharrekoak direla uste dut. Baliagarriak izan daitezke, baina iruditzen zait gero eta gehiagotan erabiltzen direla amaierako emaitza lortzeko lasterbide bezala, eta ez laguntza bide bezala. Norberaren adierazpen eta hizkuntza gaitasunak martxan jartzera behartzen gaituzte lehen aipatutako egoerek, eta arian-arian garatzen diren gaitasun horiek ezinbestekoak dira. Apur bat kezkagarria iruditzen zait azkenaldian ikusten ari naizen erosokeria kontu horien aurrean.