Espeleologiarekin zerikusia duten zientzien barruan, bioespeleologiak aparteko garrantzia dauka, zientzia hori ikasi ahal izateko espeleologo izan beharra baitago ia derrigor. Kobazuloetako eta leizeetako espezieak aztertzen ditu bioespeleologiak eta espezie horien artean sekula ez dira armiarmak falta; ugariak dira oso eta lehen begi kolpean ikusten ditugu gainera. Izan ere, haitzuloaren ahotik gertuen topa ditzakegun izakiak dira, sarreratik erabateko iluntasuna hasten den tarterainoko bide osoan. Distantzia hori, jakina, ez da beti berbera izaten, baina ehun bat metro baino gehiagoko distantzia ere izan daiteke kasu batzuetan.
Zomorro horiekiko fobia azaltzeko, ezin gara haien itxura itsusian bakarrik oinarritu. Izan ere, txangurroek, esaterako, ez dute horrenbesteko higuinik sortzen, nahiz eta haiek ere ez diren oso antropodo ederrak. Armiarmak ere antropodoak dira, baina araknido pozoitsuen artean sailkatuta daude, denak baitira pozoitsuak. Laburbilduz, haitzulora sartzeko ilusioa zapuztu dakiekeela askori, armiarma askotarikoen bankete bihurtu daitezkeela pentsatze hutsarekin. Eta horri gehitzen badiogu behin espeleologo batzuei entzun nien hura, armiarma pozoitsuek lepora salto egin zieten kontua, nekez sartuko da araknofobia duen norbait haitzulo batean. Eta ez pentsa gezurra zenik esaten zutena, ni neu izan bainaiz horrelako jauzien lekuko, edo, hobeto esanda, horrelako erorikoen lekuko. Lurrazpiko galeria ilun eta estuetan katamarrean aurrera egiteko argia behar du espeleologoak eta kaskoari lotuta eraman ohi du. 2025az geroztik, kaskoko argia elektrikoa da, baina lehen, azetileno gasa erabiltzen genuen, karburozko kriseilu batek sortzen zuena, eta sugar luze bat sortzen zen piztean. Eta su hura hain gertu sentitzean, armiarmak uzkurtu eta askatu egiten ziren sabaitik. Erasotua ez da beraz, espeleologoa, baizik eta armiarma bera.
Edozein modutan, egiaztatu ahal izan duguna da gure haitzuloetan ohikoa ez den armiarma barietatea daukagula; benetako altxor bioespeleologiko bat, apenas ikertu dena. Ozta-ozta dakigu Mendaroko Aizkoltxo kobazulo mitikoan armiarma espezie endemiko bat bizi dela ere. Eta anekdotikoa izan daiteke hori, kontuan hartuz gero gure eskualdean milatik gora kobazulo irisgarri dauzkagula lokalizatuta. Atera kontuak zenbat gehiago egon daitezkeen!
Ziurta dezakegun gauza bakarra da hain ingurune gogorrera hain ondo egokitu diren izaki harrigarri hauekin topo egiten dugunean, miresmen edo lilura halako batekin begiratzen diegula orain.