Pazientzia konfiantzaren ahizpa da. Gure lana ondo egiten saiatu eta haren emaitzan fidatzen bagara itxaropenaren txanda iristen da; pazientziaz itxaron, ez dago besterik. Landu gabeko lurrean, prisaka, pazientziarik gabe harri artean hazia botatzen duenak, ostera, ezin du fruituak jasotzeko konfiantzarik izan.
Itxaropenak bizi gaitu. Bi modutara ulertu izan dugu itxaropena gizartean; Osasuna lagun, ondo izango garela, bizitza partekatzeko lagun egoki bat aurkituko dugula, gure seme-alaba zein bilobek bizimodu ona izango dutela, loteria tokatu eta diru faltarik gabe lasai eta zoriontsu biziko garela… Sarritan geure esku ez dagoen patu edo zortean jartzen dugu gure etokizunaren giltza. Zerutik iristen den berri onaren (txori onaren) esku lagatzen dugu horrela gure bizitzaren arrakasta. Zorte kontua ere bada, askotan, gure bizitzak hartzen duen norabidea, baina bakoitzaren proiektu eta ahaleginen araberakoa da funtsean itxaropenaren ardatza.
Itxaropen hitzak, izan ere, beste zentzu sakonago bat dauka: itxaron, zain egon. Aldez aurretik egindako lanak edo ereindako haziak fruituak eman arte zain egon. Pazientzia eta, aldi berean, konfiantza adierazten du hitz horrek. Lur onean ereindako hazi onak eta ernemuinak zein landareak arretaz eta gozo zaindu badituzu, uzta oparoa jasoko duzu. Bere ordua iritsi arte zain egotea da kontua; itxaron (gaztelaniaz esperar). Gero baliteke ezusteko ekaitzak, haize, izotz zein txingor, uzta kaltetu eta gure esperantza ere izoztu eta espero gabeko egoera eta bizimodua gertatzea. Gure mugak dira. Ez daude gure esku ez klimatologia, ezta gure gizartean eragina duten beste faktore asko ere, gaixotasunak eta gizarteko gatazka eta gerrak barne. Galdetu Palestinan zein Saharan, bi adibide jartzearren, euren etorkizuna proiektatu nahirik hainbat urtetan, etsipenetik hurbil, ari direnei.
Orohar, dena den, argi dago etorkizuna geuk eraiki behar dugula. Bakoitzaren etxean, auzoan, herrian, inguruko gizartean hazi ona botatzea da gure lana. Harresiak eta gotorlekuak eraitsiz hasten da askatasunera garamatzan bidea. Edozein harremanetan, nahikoa da irribarre bat, bosteko bat, besarkada bat, etorkizun hoberako eraikuntza hasteko. Lur onean erneko dira kimu eta fruitu berriak. Injustizia eta mesfidantza erein baditugu, ostera, gorrotoa eta gerra, besterik ezingo dugu itxaron. Gorrotoaren (latinezko corruptus, ustela) eta norberekeria itsuaren fruitu dira mundu zabaleko gatazka eta zoritxarrak. Hazi txarretik ezin da fruitu onik jaso.