Animalia, landare zein naturaren beste edozein adibidetan oinarrituta bizitzarako irakaspenak ematea da fabularen helburua. Eskoletan umeen heziketan erabiltzeko bitarteko arrunta izan dira betidanik: Inguruko izaera eta jokaerak ikusita, bakoitzaren bizitzarako jarraibideak ondorioztatzea. Esopori jarraituz, beste fabulista asko izan dira historian. Jatorriz grekoa zen Fedrok latinez utzi zizkigun idatzita bereak. Gero, La Fontaine Frantzian eta Iriarte, Samaniego gaztelaniaz, Esoporenak birrargitaratu zituen Antonia Ibarra, Bixenta Mogel, Agustin Pascual Iturriagak euskaraz. Edonork, edonon, erraz ulertzeko moduko kontaerak, gehienbat prosaz idatziak. Beti eta kultura eta hizkuntza ezberdinetan landutako generoa da. Balio duen seinalea.
Antzinako alegia edo fabula batek irakatsi nahi diguna hartu dut gaurkoan idazgai. Apustu egin ohi zuten aspaldi eguzkiak eta haizeak. Zeinek lehenago kendu mendian gora zihoan bidaztiari jantzita zeraman soin-gainekoa. Hala utzi zigun idatzita Esopok Kristo aurretiko VI. mendean, beste fabula edo alegia askoren artean. Algarada eta ufaka hasi zen haize harroputza, erraz irabaziko zuelakoan. Putz eta putz, bidaztia lurrera botatzeraino, baina hark gogor eusten zion bere soinekoari. Algara eta barre zaratatsuak apalduz, irribarrea bera ere joan eta intzirika isilduz joan zen haizearen oihartzuna. “Ez zagok erraz”- eman zuen amore.- Ez diok hik ere kenduko, egoskor hutsa duk eta”-utzi zion txanda eguzkiari.
Estimatu zuen bidaztiak eguraldiaren aldaketa. Haize bortitz eta zirimola zaskarren ondoren eguzkiak egin zion keinu hodei saretuen artetik. Ibilian-ibilian berotu ere egin zen eta soin-gainekoa erantzi. Gustura zihoan, artean haize harroputzaren erasoa ahaztu ezinik. Aldapan gora izerditu ere egin zen eta soineko gehiago ere kenduz iritsi zen gailurrera. Eguzkiak irabazi apustua.
Irakaspen asko ditu apustu honek. Indarrez baino errazago lor daitekeela helburua modu lasaian, esperientziaz ikasitako komentzimenduz. Horrela, bakoitza konturatzen da noiz, non eta nola jokatu, inor ez baita beste inoren buruan eskarmentatzen. Gero, egoskortasunaren balioa ere hor dago: Ez dugu, ezin dugu amore eman edozein haize boladaren bultzadaren aurrean. Behartu edo derrigortu nahi zaituztenen aurrean, eutsi zeureari tinko eta egoskor.
Luzatu ere egin daiteke alegiazko kontaera hau. Ez dakigu zer egin zuen bidaztiak, eguzkiak berotu ahala erantzi zituen soinekoekin. Ez zituen, noski, bide bazterrera botako. Izan ere, noiznahi itzul daitezke ekaitzarekin haizea, euria eta txingorra bera ere; soinekoen babesa eskatzen duen giroa.
Gerta liteke, areago, gertatuko da. Itzuliko dira egoskor izan eta jokatzeko garaiak. Ez dezagula pentsa, lasai, mahuka hutsik pasiatzeko aukeran izango garenik. Hortxe ikusten dut arrisku latza: gure hizkuntza, gure Herriaren etorkizuna babes premia handian ikusten dut nik. Kalean ibilita entzutea da aski, ekaitzaren erdian gaudela antzemateko. Guretzak haizetea eta negua ez dira amaitu.
Merezi dute guk baino lehen soinekoari eutsi zioten Etxeparek, Leizarragak, Iparragirrek, Lore jokoetan euskarari babesa eman ziotenek, Euskaltzaindia sortu eta lemari luzaro eutsi diotenek euskara bat eta bera Euskal Herri osoan erabilgarri egiteraino, ikastolak sortu eta euskal irakaskintza bultzatuz herriaren hizkuntza edonorako gaitu dutenek.
Eguzkitan bizi garela uste dugu baina, dakigunok egoskor eutsi behar diogu geureari, euskararen soineko hori haizeak eraman ez dezan. Hala eramango du, eguzki epeletan datorren hego haizeak, arretaz ez bagabiltza. Belaunaldi berriek egingo ahal dute euren txandari dagokiona! Ailegite!