Handik urrutira gabe, Moises-ek judutarrei legeak harrizko tauletan idatzita utzi zizkienean ere horixe zuen xede: judutarren elkarbizitza arautzea. Hammurabiren kodearen ildotik, Talion legea delakoa ere jaso zuten judutarrek, baina lege horrek bere zentzu sakonean jaso nahi zuena ez da kontuan hartu kasu gehienetan. Torá delako lege zaharrean oinarritzen dute juduek euren funtsezko irakaspena eta bertan herri hautatua izateak ematen dien nagusitasunean (supremazismoan). Jatorrizko legean elkarbizitza bideratzeko neurria (berdintasuna) zenak mendekua adierazten du. Begia begi truk edo hagina hagin truk berdintasunaren mezua zena gorroto eta mendekuaren mezu bilakatu da. Legeak ekidin behar lukeen ondorioa, hain zuzen.
Aspaldi esan zuen bakearen iragarle hark, Mahatma Gandhik, era horretako Talionen legeak guztiok itsu eta haginik gabe utziko gintuela. Areago, gorrotoan oinarritzen diren harremanek alboan bizi dena etsai izendatu eta desegin edo suntsitzeko ekintzak sustatzen dituzte. Akabo Talion! Elkarbizitzaren porrota. Ez da zaila gaurko gizarteetan adibideak topatzea. Palestinar eta juduen eta beste askoren arteko ezinezko elkarbizitza lekuko.
Ideia hauek gaurko gure gizartera ekarriz, argi dago elkarbizitza orekatu batetik letorkeen ongizatea dela guztiok bilatzen duguna. Horretarako talde edo alde bakoitzak bere egitasmoak eta estrategiak bideratzen ditu, beti ere bere ikuspegia hobetsiz. Herri bakoitzaren etorkizuna eraikitzeko orduan, gaur egun geoestrategia deitzen den hitz potoloa ere kontuan hartu behar da, munduko gizarteen sare korapilatsuaren zatitxo bat baino ez delako gurea. Mundua itsaso bat da eta Elgoibarren uretara botatzen dugun plastikozko poltsa Kanadako itsasertzera iristen da. Hala beste kontuak ere, hain txiki eta zaurikor bihurtu den gure planetan. Nola erakarri berriz ere Hammurabik aldarrikatu zuen neurritasuna gure gizarte konplexu honetara?
Boterea da diseinatutako egitasmo edo proiektuak lorbidean jartzeko bitartekoa. Itsasoan lema daramanak du ontzia komeni zaigun portura eramateko ardura. Baina lemazainak han du eskifaia edo tripulazioa ere, ekaitzak saihestu, oihalak hedatu, aingura bota... behar diren neurriak har ditzan.
Politikan ere berdin gertatzen da. Denok, tripulazio osoak, dugu bidaia ondo egiteko erantzukizuna. Izan ere, gobernatzeko bi modu, bederen, badaude: gobernatu eta gobernuan eragina izan. Latinez (berriz ere hitzak irakasle) persuadere eta disuadere (persuadir/disuadir) oso funtsezkoak dira gaurko argudioa ulertzeko. Bestearen iritzian eta, batez ere, ekintzan eragin dezakezu. Zure iritziak boterea lortuko du, gizartearen onura, agintarien erabakietan eraginez. Horrela, nork agintzen duen baino gehiago balio du lortzen dugun horrek.
Hori bai, horrek guztion inplikazioa/konpromisoa eskatzen du. Boterean dagoena, areago luzaro badago, ez da lemazain ona izango eta bide okerretik eramango gaitu oposizio osagarriaren neurririk ez badu.