Urtea ilargiaren zikloekin eta eguzkiaren birarekin osatzen da. Ez da harritzekoa islamdarrentzat ilargiak duen garrantzia, harekin lotuak baitira landareen erne-aroak, itsas-mareak zein emakumeen hilekoak. Edozein zibilizazio baino lehen hor zeudenak eta izango direnak.
Hilabeteen izen erromatarrei erreparatzen badiegu, argi ikusten da Calendarium Julianum hartan urteak beste banaketa bat zuela: Septem, octo, novem, decem (zazpi, zortzi, bederatzi eta hamar). Gainera, lehenago quintilis (bosgarrena) eta sextilis (seigarrena) ere ba omen ziren, gaurko uztaila eta abuztua izendatzeko. Argi atera ditzakegu kontuak: urtea udaberriarekin hasten zen erromatarrentzat, makilak astinduz zein txorien kantuz lurra esnatu eta fruituak ematen hastearekin batera. Horregatik da abendua (december) hamargarrena. Enperadore handi-maundi horiek jainkotu zituztelako eta euren megalomania tarteko Julius (Julio) Cesar-en omenez) izendatu zuten uztaila eta haren ondorengo Augustoren omenez, abuztua. Gaur egungo jauntxoen omenez Trump-ila eta Putin-ila izendatuko balituzte bezala, gutxi gorabehera. Euskaraz december baztertuta abendua (adviento-etorrera) darabilgu, kristauen egutegian Jesusen jaiotzak duen garrantzia tarteko. Horrela, neguko solstizioak, eguzkia zeru ertzean goraka hasten den garaiak, ematen dio ur+teari hasiera.
Julio Cesar-ek eta Augustok bezala, beste agintari handi asko ere saiatu izan dira hilabeteen izenak aldatzen, bakoitzaren ideia edo egitasmoen harira. Hala Karlo Magno bera eta geroago Frantziako Erreboltaren ideologoak. Ezagunak dira brumario, nivoso, pluvioso, ventoso, germinal, floreal ... termidor, fructidor e.a. Beti ere naturak urtean zehar erakusten duenari men eginez. Dena den, erreboltak errebolta, badirudi mendebaldean nahiko finkatuak geratu direla izen horiek.
Urtearen zikloa 12 hilabetetan eta 365/6 egunetan banatuta gero, herrialde, kultura eta hizkuntza askotan egin dira kalendarioak edo egutegiak: egunak eta hilabeteak euren ilargi-fase zein santu eta santa guztien aipamenekin. Egunik ez, santurik gabe. Gero Almanake bihurtu ziren kalendario horiek, informazio zabalagoarekin. Klima esan nahi du hitz horrek arabieraz eta lurra lantzen zutenentzat hain funtsezkoa zen eguraldiaren berri ematen saiatzen ziren. Bide batez, beste berri, irakurgai eta adoktrinamenduak ere bai, noski. Gure etxeetan ezagutu ditugun horma-egutegiak edo takoak dira horren adibide.