Garagarrila uztaila zen batzuentzat eta ekaina beste batzuentzat. Bertsoak entzutera ekainean, San Joan biharamonean, agertu zirenek, bingo! Uztailean, Santio egunez, agertu zirenek, jai! Baraurik etxera. Txaltxan sartu-irtenik egin gabe ez ziren itzuliko, dena den.
Hitz berak zentzu ezberdina izatea ere gertatzen da euskalki edo aldagaien arabera. Gipuzkoako Goierrin entzuna dut Tolosako feriara aterkirik gabe joan eta seko bustita itzuli zenaren kasu harrigarria. Seko edo zeharo, guztiz, bustita. Iparraldeko berriak aditu eta uhin (olatu) lotsagarriak eragin zituela ziklogenesiak Lapurdiko itsasertzean. Lotsa edo beldurra (errespetua). Hitzek ez dute zertan neuk dakidan esanahi horretara mugatu. Komeni da erne ibiltzea lotsagarri ez geratzeko.
Bertan erabaki irakurri eta entzun izan dugu, batez ere hauteskunde sasoiko mitinetako propagandan. Pentsatu ere bai nik neure kolkorako: “Horixe da ba, hain zuzen (edo oker), gure arazorik handiena: gureak behar luketen gaiak han bertan erabakitzen direla eta ez hemen berton”. Zenbait eskualdetan ondo bereizten dena zergatik ez jaso guztion komunikazio hoberako. Aparkalekuetan ere hala ageri da gure herrietan, batez ere kostaldean: bertakoak. Kanpotik azaltzen garenontzat izango dira, ziurrenik. Ja!
Ondoren kontatuko ditudanak ez dira euskalki kontuak, baina balio dute gaurko lapikoa ontzeko eta graziaz gozatzeko. Irribarrea beti da lapikorako bizigarri ona.
Diktaduraren ondoren hasi ziren, beste askotan bezala, autobusetako zerbitzuetan ere euskara erabiltzen. Hala, hiriburuko autobusetako arduradunak eskatu die lankideei euskaraz jartzeko zenbait iragarpen. Bazegoela bat bulegoan euskarazko hiztegia zuena eta haren esku utzi dute, konfiantza osoz, egitekoa. Servicio de autobuses, mañana y tarde.
Itzulpen erraza itxuraz: Autobus zerbitzua. Begiratu hiztegian eta bingo!: bihar eta berandu. Horrelakoak gertatzen ziren.
Ingelesarekin du lotura hurrengo pasadizoak. Kanadako ozeano barean (Pazifikoan), Vancouverren bizi den anaiak kontatua da. Gregorio Bastarretxea euskaldunak arrantzuan aurkitu du lanbidea eta, halako batean, bere arraindegi negozioa jarri kostako herrixkan. Bastarretxea luzeegi iruditu eta Bastar L.S. jarri du lokalaren atarian telefonoaren zenbaki eta guzti.
Berehala hasi dira adarjotzaileak: -are you bastard?- Baietz erantzun behar, gainera. Gregory´s shop jarrita konpondu ei zuen arazoa.