Nire arrebek 8 neba eta nik 9 arreba. Jakina da elizetako hitzaldietan abadeak – Anaia-arrebok! esanez hasten zuela bere sermoia. Hala tokatzen zen bera gizonezkoa izanda. Kontua da, horregatik edo, neba galdu eta nire arrebentzat familian 8 gutxiago garela. Neskak ahizpak izan ditzake baina ez anaiarik euskalki horretan. Horrela, anaia, ahizpa, arreba eta neba zirenak nebarik gabe geratu dira. Gorde denari iraupena ematea ez al zen zuzenena?
Badugu euskaraz kontuz erabili beharreko hitz bat. Nabarmen hitzak badu (edo izan du) halako zentzu berezi bat euskaldunon artean, lotsarekin lotzen duena. Jende aurrean biluztea bezalakoa. Sobresaliente notaren baliokidetzat erabilia izan da.
Eibarko Armeria eskolako ikasle baten kontua ei da hau. Arrate bailarako mutil bat, jator askoa bera, Armeria eskolan hasi da ikasketak egiten eta notak jasotzeko orduan sobresaliente han eta sobresaliente hemen, erakutsi du buletina etxean eta ekaitza lehertu: - Sobresaliente! Zer egin dok? Zertan ibili haz?- Kezkatuta gurasoak.
Nabarmenaren baliokide sobresaliente.
Horren harira, soldautzara joan nintzenean eman zidaten aholkua datorkit gogora: Soldautza ondo pasatu nahi badok ez hadi nabarmendu inondik. Instrukzio egiteko lerroaren erdi aldean kokatu. Lehenengoak belarriondokoak hartzen ditu eta azkenengoak ostikadak. Arerioaren esparruan hobe oharkabean pasatu.
Belarriondokoaren hotsak beste pasadizo bat dakarkit gogora, neure jaiotetxean bertan entzuna hau. Gure baserrira buztarriginak etortzen ziren hala behar genuenean. Buztarria edo uztarria (yugo) funtsezkoa zen idiek edo behiek gurdia garraia zezaten. Nire akorduan buztarrigin bi etorri ziren gurera: Markina aldean Iturreta auzoko Erlatx baserriko Juan Ibarzabal izan zen bat, bertsolaria ere bazena (Nerearen aitaren osaba). Aitak aldez aurretik etxe ondoko putzuan beratzen jarritako pago-enborra lantzen zuen Erlatx horrek. Gu, neska-mutikook, hantxe, zizelarekin ertzak zelan berdintzen eta uztarriari itxura ematen zion adi. Berritxuko Gardotza auzoko Andramarixe etxekoa ere izan genuen inoiz uztarrigile. Anaia batek kontatzen zuenez, hari entzuna da hurrengo hau:
Uztarrigileak aste oso bat pasatzen zuen bere lan horretan eta bere etxetik urrutiko enkargua zenean aste osoa egoten zen, jan eta lo. Ardremarixe horrek kontatzen zuenez, Gipuzkoako Goierri aldetik etorri zitzaion behin uztarria egiteko enkargua.
Hasi da lanean eta lehen gauean, bapo afaldu ondoren, etxeko andreak oherako bidea erakutsi ziola eta galdetu: - Belarriondoko bat ala bi nahi dituzu? – uste gabeko galdera. – Belarriondokorik ez, koño! Bat bera bez.
Ulertuko zenutenez, herri hartan belarriondokoa zen almuda edo guk burukoa izendatzen duguna. Hurrengo egunetan belarriondoko eta guzti egin zuen lo.