Jatetik jatera, hala ere, alde handia dago; izan ere, bizirik irauteko ezezik gozatzeko ere jaten dugu. Mingainak (azpiak ere bai, noski) eta aho-barrunbe osoak hartzen du parte elikapenaren zeremonian, dastamen papilak kitzikatuz. Usaimena ere partaide da; baita ikusmena bera ere. Jatea ez da eztarritik behera zakua betetze hutsa. Sukaldariek ondotxo dakite hori; baita gure aitita-amamek ere. Zein zapore berezia amamak prestatu eta sutan egositako lapikokoak! Maitasunezko ikutua, ongarririk ederrena.
Hizkuntzekin ere antzera gertatzen da. Elkar aditzeko, komunikatzeko, beharrezko bitartekoa dugu hizkuntza, baina alde handia dago komunikatzetik komunikatzera. Hitz bakoitzak badu bere intonazio berezia: izan liteke eztia zein garratza, leuna zein zakarra, mezu adiskidetsua nahiz sumindua. Bizia zein motela. Erraz antzematen da. Entzuten duenaren jarrerak ere asko esan nahi du, ez baita berdina arreta gabe entzutea eta solaskide izatea. Dena den, erabiltzen ez den hizkuntza da denetan ezdeusena, inolako mezurik helarazten ez duena... eta horixe da gatzik gabeko hizkera ortopedikoek duten arriskua. Komunikazioa, hizkuntza biziaren gatz eta piperrez ondu ezean, tresna kamutsa, xoxoa, bilaka daiteke.
Euskalkien artean sor litekeen saltsa bizia prestatzea bururatu zait, akorduan ditudan zenbait anekdota kontatuz.
1972an Eibarko ikastolan irakasle hasi nintzenean 27 ikasleko gelatxo bat nuen neure ardurapean han Zezenbiden, zezen plazaren ondoko lokal batean. 7 urteko neskato-mutikoak. Hala geunden herriko lokal askotan sakabanatuta.. Haien izenak ere gogoan ditut oraindik. Ilusio handiz bizi izandako uneak, lekuak eta harremanak ez dira inoiz ahazten. Euskalkiarekin ez nuen arazorik. Nik Bizkaiko euskalkia nerabilen eta Eibarren ere bertakoa zen hori. Ordurako euskara baturako zenbait urrats emanak zituen Euskaltzaindiak eta, irakasleen elkarte zein alfabetatze taldeen eraginez, neu ere euskara batuaren lerroan jarrita nengoen.
- Jaso behatza igeri egiten dakizuenok! Inork ez zuen jasotzen eta agindua errepikatu nuenean banaka batzuk zapatilen lokarriak soltatzen hasi ziren. Noski! Eibarren behatzak (behe+hatzak) hanketakoak ziren. Eskuetakoak, atzamarrak (hamar+hatzak). Ez legoke txarto gaur ere berezitasun hori jasotzea.
Komunera joateko baimena eskatzea izaten zen sarritan gertatzen zena. Atea itxi eta ireki (zabaldu) ibil ez zitezen bota nien hurrengo agindua:
- Itxi zabalik atea! Itxi (hertsi) ala utzi , zer egin ez zekitela geratzen ziren asko. Itxi irekita atea esan izan banu ere, mezuak ez zuen duda saihesten. Aire korrontea sortzen zelako – Itxi atea! agintzen banuen ere dudatan geratzen ziren, zabalik ala itxita utzi behar zuten ulertu ezinik. Atea zabaldu eta sarratu, ulergarriago orduan Eibarren. Zenbat horrelako gertatu ote dira zauden herriko euskararen molde eta esakerak ez jakitearren! Hurrengoan gehiago.