Sardea eta eskuarea (horca y rastrillo). Zabaltzen baduzu, izango duzu jasotzeko edo biltzeko aukera ere: moztu berri den belar hezea sardeaz zabaldu eta gero, eguzkiak gozatutako belarra batu edo bildu.
Gizarteko harremanetan ere halatsu. Hartu eta emanez sortzen da harremana. Aberatsago eta ahaltsuago egiten zaitu harremanak. Soberan duzuna eman eta eskas duzuna beteta lortzen da osotasuna. Erderazko “relación” hitza baino zehatzagoa da euskarazkoa. Euskara gutxi erabili ohi dutenek ere erabiltzen dute: “No tengo hartueman con esos”. Hitz horrek berez duen indarraren seinale.
Auzolaneko jardunean ere horixe egiten zen gure baserrietan eta antzeko zerbait gertatzen da, neurri batean, kaleko etxeetako komunitateetan ere. Elkarbizitzak elkarlana eskatzen du maila guztietan. Etxegintzan, bidegintzan, gari eta belar-lanetan…
Gero badira harreman horietan emateko orduan xuhurrak edo zekenak direnak eta hartzeko beti prest daudenak; eskuzabalak eta zikoitzak eta, kasu batzuetan, besteen bizkarretik abantailaren bat lortu nahi dutenak. Ordaintzeko orduan lerroaren azken mugan jartzen direnak.
Txerri-erregaluak dira aspaldi baserritarren arteko harremanen adibide. “Odolkiak (odolosteak) ordainetan” esaera ere ezaguna da. Odolosteak ez dira luzaro jan gabe edukitzeko jakiak eta horregatik ere banatzen ziren auzoan, alferrik gal ez zitezen. Dena den, gurean odolosteak ezezik solomoa eta urdaia ere zabaltzen ziren. Hartu ere halaxe.
Azkuek, bere Euskal Herriaren jakintza liburuan biltzen dituen esaera bitxi batzuetan ederto erakusten du betiko kontua direla harremanetan gertatzen diren ezberdintasunak; batzuk eskuzabal eta beste batzuk zeken. Hala jasotzen du zikoitzaren izakera “baserri horretatik ez da kerik be irtetzen” edo, beste nonbait irakurri izan dudanez “horrek etxok korroskadarik be botatzen”.
Ezaguna da Amezketako Pernandok auzoko baserritar xuhur bati egin zion jukutria. Auzoan txerri-oparirik banatu nahi ez eta txerria gauez hiltzea pentsatu zuen. Pernando adi egon zen eta, ohi denez, txerri hil ondoren sutu zutenean, azkar joan zen sakristauaren etxera kanpaiak jotzeko eskatzera. Ezkutuan egin nahi eta herri guztia atarian sua itzaltzeko prest.