Geure ingurutik irten gabe ere, handiak dira ezberdintasunak hemen jaiotako gurasoen seme-alabentzat eta ihesean zein lan bila etorri berri diren gurasoen familientzat. Aldapa eta trabak gaindituz trebatu direnek bizitzan aurrera egiteko gaitasunak landu dituzte. Beharra edo premia bezalako maisurik ez dago. Hori dute alde, eta ez da gutxi.
Noiz eta non jaio garen horrek, zorionarekin zein zoritxarrarekin lotu gaitzake eta, egia esan, lotzen du gizakia kasu askotan. Hala ere, garai eta inguru zailetan jaio eta bizi direnek larre motzetan ohitu direnen kemena eta indarra izaten dute, iraupen luzeko arnasa, iraun badute (?). Ahaleginez, zailtasun asko gaindituz, kemena eta adimena zorroztuz, lortzen du erraztasunik izan ez duten askok arrakasta; larre motzean, belar izpi txikienak ere probestuz.
Belaunaldien artean ere alde handiak daude. XX. mendearen erdi aldera jaio ginenok bizi izan genuen haurtzaro eta gaztearoak ez dauka zerikusirik XXI. mendean jaio direnen bizipen eta ohiturekin. Gure gazte denboran ere entzuten genien gurasoei: “Zuek ez dakizue zer den gosea eta gauza askoren gabezia” “Larre jorietan bazkatzen duzue” “Gu larre motzean ohituak gara eta jakingo genuke eskasian bizitzen ere”. Eta egia da.
Gero, konformidade kontua ere bada. Gutxi, nahikoa da batzuentzat eta beste batzuentzat asko ere ez da nahikoa, hondorik gabeko zakua ez baita inoiz betetzen. Gure denboran prakak, alkondara, abarka, zapatak ere ia oinordekotzan hartzen ziren edo, behintzat, anaia-arreba gazteek nagusiagoenak jasotzen genituen, konpostura eta adabakiak barne. Ez horrelakorik aipatu orain Jainkoarren! Denak behar du berria eta markakoa: zapatilak, txandala, mobila… larre guria. Janarian ere antzera asko; mizkin hutsak… hau ez dut gustuko, zopa horrek kolore txarra dauka… Gurasoek ez dute nahi izaten euren seme-alabei ezer faltatzerik, umetan pairatu izan duten gabeziarik gabe hazi nahi dituzte. Premia zein gutizia guztiak “amama” asetzen badizkiezu, kamuts, hortzik gabeko izaki bihurtuko dituzu, lehia nagusi den gizartean. Ondo dago edozer eta edozelan ez onartzea, baina larre gurian dabilenaren oihartzunak entzuten dira askotan.
Erosotasunaren gutiziak ez du mugarik baina naturak bai. Naturaren baliabideak neurriz ustiatzen ikasi beharko dugu eta larre motzean bizitzen ikasi. Kontua ez da dena gobernuaren ardurapean lagatzea; bakoitzak jakin behar dugu daukaguna preziatzen eta neurri egokian erabili eta kontsumitzen. Izan ere errazegi botatzen ditugu, moda aitzakian, erabilgarri diren jantzi eta abar. Merkatuaren propagandaren atzamarretan katiatzen gara eta haren jokoan jausi, naturako baliabideak neurriz gain ustiatuz. Larre motzean luzaroago eta hobeto biziko gara, bai geu eta bai gure ondorengoak, naturaren oreka zainduz eta, bide batez, gure adimena eta kemena landuz. Larre motzak baditu bere abantailak.