Komunitatea

Phono Sapiens

Erabiltzailearen aurpegia Anjel Ugarteburu 2024ko mai. 15a, 21:40

Historia aurreko Australopitecus hura zutik jarri zenetik urte askotxo pasatu da, eta oraindik zutik gabiltza, atzeko hanken gainean. Pentsatzekoa da gure aurrekari haiek zutik ibiltzeko premia larria izan zutela, inguruan zebiltzan animalia basati ehiztariak, belardien gainetik bista luzatuz, ikusi ahal izateko eta ziurtasunezko distantzian ibiltzeko. 

Eboluzionistek, Charles Darwin ikertzailearen ildoari jarraituz, diotenez, zutitu ondorengo hurrengo abantaila handia izan da gizakiarentzat, eskuetako (h)atzei esker, inguruko gauzak manipulatuz tresna berriak sortu ahal izatea. Atzamarrak luzatu egin dira eta behatzak (beheko (h)atzak) atrofiatu. Atzamarretan irabazi genuena behatzetan galdu. Atzamarren jardunari esker, homo faber (gizaki langilea) homo sapiens (gizaki jakintsu) bilakatu omen zen (ginen).
Atzamarrak ezezik garuna (garauna) ere garatu edo garautu egin zen. Atzamarren erabilera etengabeak ekarri omen zuen gure garunetako tolestura eta zimurduren konplexutasuna. Eskuek, atzamarrak erakutsi ziguten gure inguruko gauzen izaera eta haien arteko loturak egiten. Natura manipulatuz lortutako garapenaren ondorioa da gure garuna. Naturarekiko harremana, beraz, irakasle. Hor, garunetako tolestura eta tximurretan, dago harreman horien islada. Kitzikatzen jakin behar bere potentzia guztia baliatzeko.
Orain homo sapiens ei gara. Jakin dakigu. Natura ulertu eta gure zerbitzura jarri omen dugu. Gizakia, ordea, ez da inguruko izaki eta indarrak ezagutu eta kontrolatzearekin konforme. Sapiens izate horretan ere mailak daude gizakion artean eta batak bestea menperatzeko joera nabarmena da. Boterea lortzeko borrokak ez du mugarik. Australopitecus hari, batez ere lehorretik zetorkion mehatxua, eta orain, Internet eta mugikorren aro berri honetan, airetik dator harraparien erasoa. Munduko gizaki guztiak gara teknologia berrien ehizakin. Berriro ere atzamarrak dira protagonista. Teknologia digitala (latinez digitus: dedo: atzamarra).
Ez dut nik dudatan jarriko teknologia berriek ekarri diguten aurrerapena arlo askotan: Wikipedia, Whatssap, Email, Google (eta beste hainbat bilatzaile), jakingai asko ezezik munduko edozein txoko eskura jartzen dizkigutenak. Ondo erabiltzen ikasi eta irakastea da kontua, onurak probestu eta arriskuak uxatuz.
Izan ere, homo sapiens delakoaren lekuan phono sapiens jartzen badugu, behatzak gastatu eta garun zimurra plano bihurtzeko arriskuan izango dugu. Burujana deitzen zaio eta adinez aurrera goazenontzat hainbestekoa ez bada ere, gure ume eta gazteentzat benetakoa da  harraparien ehizakin izateko aukera. Ukituz eta haztatuz gure ingurua eta ingurukoak ezagutu eta besarkatzeko balio duten edo beharko luketen  atzamar (hamar atz) eta eskuak beste harrapari batzuen morroi eta bezero bihur litezke.
Ba, horixe. Descartesek esan zuen, bera homo sapiens zela frogatuz, cogito ergo sum (pentsatzen dut... beraz, banaiz), baina zure ordez beste batek pentsatu duenaren jokoan erortzen bazara... cojito... luego me pillará el toro, hanketako errenak ez zaitu arriskutik aldenduko eta lau hankatan, behatzetan, ibiltzera behartuko zaitu.