Ternua-Newfoundland

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2017ko eka. 14a, 07:22

Umetako oroitzapenak dira. Anaietako bat (hamazazpi neba-arreba izan gara), soldadutzatik etorri eta gero Terranovara joan zen eta han egin zuen bakailao-kanpaina bat Pasaiako enpresa batean (Pysbe= Pesquerías Y Secaderos Bacalaos de España) izena emanda.

Lekeition bazituen lagun arrantzaleak eta itsasoa ere ez zuen erabat ezezagun, Ferrolen eta Santanderren “marinan” edo itsasoz egin baitzuen zerbitzu militarra, orduan nahitanahiezkoa zena.
Soldadutza amaitu eta gero, non edo han lanean hasi beharra zegoen, nonbait soldatatxoa jaso eta nork bere bizimodua ateratzeko bidea egiteko. Pysbe horretan lan egindako pertsona batzuen berri izan dut haien seme-alaben bidez eta, enpresa hori noiz sortu zen ez badakit ere, jakin dut Terranovara bakailaotara izena ematen zuten gazteek, gero, soldadutza laburragoa egiteko aukera izaten zutela, enpresa hori estatuak kudeatzen baitzuen.

angel ugarteburu bloga pysbe pasaiaGogoan dut bai, nola joan zen Matias anaia aldi baterako bakailaotara Terranova aldera eta baita nola itzuli zen ere argalduta, berriro hara itzultzeko gogo handirik gabe. Lehorrean lan egitea nahiago zuela, aukeran, itsasoak ez zuelako ondo hartzen. Nik 7 edo 8 urte nituen eta ez ditut gogoan kontatzen zituen xehetasunak, baina han hotz handia egiten zuela eta mukiak kentzean odoletan izaten zutela sudurra, hotzaren hotzaz haiek kristaldu egiten zirelako. Sarrazoia edo laino itxia zen aipatzen zuen beste kontu bat. Itsasontziak sirena joka ia etengabe eta arrantzaleak kezkaz, lanean zihardutela beste itsasontziren batekin talka noiz egingo beldurrez. Halifax-eko portua ere aipatzen zuen. Eskozia Berriko hiriburuan ere porturatzen ziren, dirudienez. Portugaldarrek zuten arrantzurako metodo berezia ere aipatzen zuen. Taldetxoka txalupetan bidaltzen omen zituzten bakoitzak ahal zuena arrantzatu zezan eta gero, sirena hotsez deitzen omen zituzten. Behelaino itxia edo sarrazoia zegoenean galduta ibiltzen omen ziren asko, euren ontzi nagusia aurkitu ezinik, askotan gosez eta hotzez larri. Gaur egun irla baten izena bada ere, Terranova aipatzean, Atlantikoaren ipar mendebaleko“lur berriak” esan nahi da. Hasieran ez zekiten irla zenik ere, J.Cartier-ek bira osoa eman zion arte.
Ume nintzen artean jasotako berriak dira, ba, Terranovako kontuok. Umetatik dakit handik bakailaoa ekartzen zutela ere. Bakailaoa sarritan jaten genuen etxean, batez ere patata egosiekin batera. Orduan gatzetan edukitako bakailao lehortua jateko ohitura handia zegoen.


angel ugarteburu lekeitio harmarriaGeroago, sanantolinetan Lekeitiora, batez ere antzarren egunean, joaten ginenean, udaletxeko harmarria begiratu eta han balearen irudia eta orduan ulertzen ez nuen idatzia ikusten nuenean (…. Terra marique potens Lequeitio) ez nuen hura Terranovarekin lotzen. Geroago, Mariano Ciriquiain Gaiztarrok, jada ikasle gaztea nintzenean,”Los vascos en la pesca de la ballena” liburua argitaratu zuenean, jabetu nintzen Terranova hark bazuela euskaldun baleazaleekin loturarik eta ez txikia, gainera, eta horregatik ere izango zuela Lekeitiok bere harmarrian balearen irudia eta idatzia.


Urteak aurrera, euskal literatura ikasi eta irakaskintzan hasi nintzenean, hara non berriro ere Joanes Etxeberri Ziburukoak baleazale euskaldunen lan eta ekintza miresgarriak olerki bidez ematean aipatzen zituen hiru otoitzen bidez: “Baleazaleen otoitza”, “Balea kolpatu ondorengo otoitza” eta “Balea hil ondoko eskerrak” bere “Manual Debozionezkoa” (1627) liburuan. Itsasoan zebiltzan lanean, Errobi ibaiaren bi aldeetako gehienak ez ezik, Lapurdiko beste asko ere eta haien erlijiozko bizitzaren ardura zuen Joanes Etxeberrik bertsoz eman zituen buruz ikasi eta itsasaldietan kanta zitzaten. Aipatutako “Los vascos en la pesca de la ballena” liburu horretako 19-20.orrialdeetan datoz otoitzok Etxeberrik idatzitako grafia berean. René Bélanger kanadiarrak 1971n “Les basques dans l´estuaire du Saint-Laurent” Québec-en argitaratuak eta Auñamendik 1980an gaztelaniara itzulian ere ageri dira (176-177 orrialdeak) aipatutako otoitz horiek. XVII. mendearen hasieran idatziak dira eta jakina da aldi horretan lanaldi handia izan zutela iparraldeko itsas-portuek eta elizgizonak ere kemen handiz ari zirela marinelak erlijio-bizitzan hezitzen. Haietako bat zen Joanes Etxeberri Ziburukoa (Zubiburu, Ciboure frantsesez), baina ez bakarra.


Urtearen erdia itsasoan eta beste erdia han irabazitakoak xahutzen ematen zituzten arrantzale eta baleazale askok. Mozkor eta liskar-zale fama eman zieten, itsas-bidaia eta lanaldi gogor eta arriskutsu haietan ibilitako haiek, etxeratzen zirenean, bizimodu aldrebes samarra egiten baitzuten, gazte ezkongabeek bederen. Hala idatzi zuen Pierre Lancre inkisidore ankerrak eta alde horretatik bere aurreiritzien ondorio izan daitezke adierazpen horiek, baina Joseph Nogaret-ek ere, 1925ean Baionan argitara emandako “Saint Jean de Luz, des origines à nos jours” liburuan antzeko adierazpenak egin zituen, René Belanger ikerlariak “Los vascos en el estuario del San Lorenzo. 1535-1635” liburuan adierazten duenez. Iragandako gabeziak eta laztasunak eta laster iritsiko zitzaizkienak berdintzeko gazteen berezko joerak eman lezake hori ulertzeko bidea. Ez dela harrigarria, alegia.


Erlijioaz aparte, liburu tekniko baten berri ere izan genuen. Mende horretan bertan idatzi zuen frantsesez Martin Oihartzabal ziburutarrak, nabigatzeko oharrez eta xehetasunez beteta, liburu bat eta Piarres Detcheberryk euskarara itzuli zuen, gehigarri batzuekin: “Liburu hau da itsasoko nabigazionekoa”. Hala du izenburua. Kantauri eta Atlantiar itsasoko portu, leku arriskutsu, itsas-gorabehera eta abarren berri eta aholkuak ematean hantxe ageri dira Terranova (Ternuba deitzen dio berak) aldeko eta Labrador penintsulako portuen berriak ere, handik sarri ibili denaren ziurtasun eta maisutasunez emanak. Terra nua izendatuko zuten Atlantikoaren beste aldeko ipar itsasertzea, nabigazio zail eta menturosetan zebiltzala galdu ziren Corterreal portugaldar anaiek. Bata galdu egin zen eta haren bila joan zen anaiari ere gauza bera gertatu zitzaion. Beroak eta betekadak ez zituen, ziurrenik, hilko, hotzak eta goseak seguruago.


Kontua da, XVI.menderako portu batzuek, jada, euskal izena dutela, hala nola, Oporportu, Portutxo, Port Savalette, Placentia (Plentziako arrantzaleek jarria, akaso, edo Europan giza-asentamentu berriei, leku atsegina – latinezko placet hitzetik, ziurrenik- izena emateko ohiturari jarraituz geratu den izena). Channel-Port aux Basques ere hantxe dago, irlaren hego-mendebaldean. Gerora Quebec izenez ezagutzen dugun lurraldea Nouvelle France izendatu zuten, Samuel Champlain-ek Quebec hiria sortu eta gero (1608). Lehenago, Nouvelle Biskaye izenez agertzen da mapa zaharretan. Hara zergatik sortu den nire bizitzan Terranovak sortzen didan jakingura apur bat asetzeko interes berezia eta, aukera izanez gero, hurbiletik ikusi eta ezagutzeko gogoa.