Balea: fantasia eta errealitatea

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2017ko eka. 14a, 18:47

Bietatik du zerbait balearen eta baleazaleen arteko harremanak. Berez hil ondoren, urak ekarrita edo talaiatik ikusi eta gero bateletan hura hil eta haren koipe zein beste gai probetxugarriak ustiatzeko portu bazterrean halako animalia erraldoiak nahitanahiez sortu behar ikusmira eta zeresana.

Mitifikatzerainoko miresmena sortu zuen, hagin zorrozdun piztia beldurgarri gisa ere aurkeztu zutelarik. Esperientziaren eta zientziaren lekua sineskeriek bete izan dute giza bizitzaren historia, arlo guztietan. Horixe bera ikusten da itsasgizonen kontaera lausoetan. Mundu ezezagun eta arriskutsuaren irudia eman du itsasoak mendeetan zehar eta horrek fantasiari leku handia eman dio. Mitoz beterik ageri da itsas-pizti edo munstroen eta arrantzu arruntaren lanbidea bera ere, naturaren indarrekiko erlijiozko lotura ezarri zelarik, ezezagun den mundua beti ikusi izan baita lanbro arteko itzalean dagoen naturaz gaineko botere kontrolagaitz gisan, ekaitz beldurgarri eta suntsitzaileetan agertzen zena, kalteak eta heriotzak eraginez.

angel ugarteburu balea marrazkiaBaleak, itsasertzera hurbiltzen zen pizti handi hark, neurriz gaineko errespetua eta miresmena sortarazten zituen eta haren ehizara dedikatzen zirenak heroi handitzat zituzten. Era fantastiko horretan kontatzen zuen bere “Hidrographie” liburuan P.Fournier frantziar idazleak 1693an, Floridako indioek egiten zuten balearen ehiza. Balearen handitasunak egiten zituen erraldoi hura harrapatzea eta haren ehiztariak. Sorginen aurkako ehizan, baleazaleak balea harrapatzen baino setatiagoa izan zen P. Lancre inkisidore katolikoak, ostera, sorgintzat zituen eta, beraz, deabruzko izakitzat balearen ehizan Terranovan zihartuten baleazaleak eta haiek etxera onik itzul zitezen errito paganoetan parte hartzen zuten emazteak. Geroago, XVIII.mendean, Larramendik heroitzat ditu baleazale horiek eta itsas-epikaren protagonista bihurtzen ditu.
Balea harrapatu eta ustiatu zuten itsasgizonek oso ondo jakingo zuten, handia izateaz aparte, hark ez zuela aparteko piztia beldurgarria zela pentsatzeko biderik ematen. Hori bai, harrapatu nahi izanez gero, lan eta borroka latza eskatzen zuela, arpoiz zauritu eta odolustuz, indargabetu eta akabatu artean, haren buztankada batek olatua handi batek lehertzean duen indar erraldoia baitzuen eta erraz puskatu baitzezakeen txalupa bat eta aidean bota arpoliariak eta gainontzekoak. 1901eko maiatzaren 14an Orioko herriko barraren aurrean agertu zen balearen bertsoetan ere epopeia moduan azaltzen da haren harrapaketa. Herri guztia ekintzari begira eta, azkenik, “lehorretikan bazan biba eta txalua”.

 

Frantziako entziklopedistek, hain jakitunak eurak, “c´est le plus gross des poissons” zioten, edozein arrantzalek ugaztuna zela zekienean mende asko lehenagotik, baleakumeak balea-amaren titietatik esnea hartzen zutela ikusten baitzuten.


Europa ilustratua argitzeko kandelek argi egingo bazuten, ondo baino hobeto zetorren balearen olioa. Petroliorik eta argi-indarrik ez zen garai haietan abantaila handia zuen halako animalia koipetsua hatzemateak. Suziak iziotuta izateko koipea, zein haragiaz elikatzeko aukera handia eta haren ezpainetako sarea osatzen zuen iraz-orraziaren lamak ere oso preziatuak ziren. Bizimodua errazago ateratzeko aukera ematen zuen haren ehizak, zaitasunak zailtasun, eta horrexegatik saiatu ziren haren atzetik Kantauri itsasoan lehenik eta haren atzetik Islandia eta Terranova aldera, gero. Baita Europako ipar aldeko Spitzberg aldera ere.
Baleak izango ziren, dudarik gabe, Erdi Aroa baino lehen ere, baina haiek ehizatuz bizimodua ateratzeko baldintzak sortu zirenean bihurtu zen haien harrapaketa errentagarri.


Testurik zaharrenetan vikingoak ageri dira baleen aipamenekin nahasita. Normala da, balea ur hotzetako animalia izanda, Europa iparraldeko herriek, batez ere itsasotik ibiltzen trebeak zirenek, izatea lehen harreman hori. Haiek izan ziren Eskandinabiatik abiatuta, Iceland (Islandia) eta Groenlandia ezagutzen lehenak. Gerora, Danimarkako botere politikoak hartu zituen mendean ipar aldeko leku izoztu, baina, aldi berean, arrantzari dagokionez bederen, aberats horiek.

 

∞ Aurreko sarrerak: