Haien atzetik joan ziren iparralderago eta ur hotzagoetara, baleak egiten zuen emendiora ohitu egin baitziren, haiek harrapatzeko eta ustiatzeko teknikaz jabetu eta harrapakina saltzeko merkatua egina baitzuten.
Itsasertzekoak ez ezik, barneko dirudunak ere inplikatu ziren balearen koipeak, haren bizarren lamek zein bakailaoak eskaintzen zuten negoziorako aukeran. Hala, adibidez, J.A. Azpiazuk zehazten duenez, Deban eta Altzolako ibai-portuan buztinezko tina handiak zeuden bertako lojetan koipea gordetzeko. Azpiazuk esaten duenez, 60.000 litro balea-koipe izatera irits zitekeen Altzolako biltegia. Handik barrurako bidea egiteko astoak eta mandoak erabili ohi zituzten, Gasteiz eta Gaztela aldera garraiatzeko. Barneko bideak ez ziren itsasokoa bezain zabalak eta lauak sasoi haietan. Ahuntz-larruz egindako neurriko zahagiak koipez betetzen omen zituzten eta zamariak kargatu. Baita bakailao sikuz egindako pardelak ere. Altzolan eta Deban bezalatsu, Orion, Donostian, Bermeon, Lekeition zein Bilbon ere izango ziren biltegi horiek. Ibai nabigagarria zuten portuek abantaila izango zuten horretarako, noski.
Merkatuaren joan-etorriko eta salerosketako kontu horiek jasoak geratu dira artxiboetan neurri handi batean, baina historiaren beste xehetasun jakingarri asko, ez. Euskara hizkuntza agrafoa izan da XVI.mendera arte eta analfabetoak, protagonista artetsu haiek. Beste kultura eta hizkuntza zabalduagoetako idazle eta ikertzaileek eman dute gure itsasgizonen berri, haien nabigazioak eta lanak izanda hainbat urtetara eta idazle bakoitzak bere herrialdearen interesen alde egin ohi duenez, objektibotasuna galtzen ateratzen dela eta ekintza asko jaso gabe geratu direla, idazleek geroago emandako dudako fidagarritasunaren haritik zintzilik. Frantziarrek eta geroago daniarrek, flandriarrek eta, batez ere, ingelesek izan zuten ipar aldeko itsaso eta lurretako agintea, eta haiek idatzitakoak dira gure informazioaren iturri.
Euskal Herriko ipar aldea Frantziaren menpeko da, erabat, XVI. mendetik, bederen, eta hango itsasgizonen arrakastak frantziarren loriarako aipatzen dira aspaldiko hainbat idatzitan. Frantsesez idatzietan, noski. Aipatu dugu Etienne Cleirac frantziarrak 1661ean idatzitako « Us et coustumes de la mer ». Honen liburuan oinarrituta, beste askok eman dute ontzat euskaldunek Ternuan izandako protagonismoaren teoria. Hala, adibidez, Van Beneden belgiar zetologo ospetsuak 1372an kokatzen du euskaldunak Ternuako itsasertzetara iritsi zireneko data. Kontua da, 1710ean Donibane Lohitzuneko armatzaile eta arrantzaleen kofradiako memorian idatzia agertzen dela, Espainiarekin izandako gerretan, 1511n eta 1636an, erre egin zituztela bai Ziburu eta bai Donibane eta han zeuden dokumentu idatziak ere betiko desagertu zirela, haietan izango ziren balearen ehizari eta Ternuari buruzko informazio guztiarekin batera. Ez dakigu nondik lortu zuen Van Beneden horrek 1372ko data zehatz hori. Zehatzegia dirudi asmatua izateko.
2012an Ron Williamson arkeologoak eta bere taldeak Ipar-Amerikako herri indigenen ikerketa batean, huroitarrak bizi izandako bizigune bateko indusketan euskal jatorria duen burdinazko aizkora bat, Aian egindakoa, aukitu zuten, gaur eguneko Whitchurch herrian, Torontotik hurbil. Diotenez, indusi duten herritxo horretan 2000 pertsona inguru bizi izan ziren eta euskaldunekin harremana izan zuten, balearen ehizan ibitzen ziren lekuak baino 1500 km.mendebalderago. Horrek areago bermatuko luke euskal baleazaleak Ipar-Atlantikoaren mendebaldean, gaurko Kanadako lurretan, zeudela Kristobal Colon Ertamerikara iritsi baino lehenagotik. Van Benedem-ek aldezten duen teoriari indarra emango lioke, nolabait, aurkikuntza honek. Kanadan bizi denTomas, anaia gazteagoari, zor diot informazio hau eta interneteko helbide honetan duzue datu gehiago: Aboutbasquecountry.eus
D´Alambert ilustratuak, bere «Enciclopedie Metodique» bilduman dioenez, euskal arrantzaleak izan ziren Ternua eta hango bakailao sardak aurkitu zituztenak (grand et petit banc des morues), baleen atzetik haraino iritsi zirenean.
Lehenik, balearen koipea urtzeko faktoriak lehorrean ezarri zituzten, atzerritar ziren lur haietan, Espainiako gobernuak ez baitzuen han inolako aginterik eta geroago, Frantziakoak ere ez. Horrela, euskaldunen instalazioak lapurreta eta suntsipenaren arriskuan zeuden eta, horregatik, itsasontzietan ezarri zituzten koipea lortzeko labe eta tresneriak, itsasontziak su hartzeko arriskuak hartuta.
Ipar-atlantiar ozeanoko uretan Espainiak inolako aginterik ez izanda, babesik gabe geratzen ziren euskal itsas-gizonak. Iparraldekoak ere bai, Ingalaterrak, Holandak eta Danimarkak nagusitasuna hartu ahala. Balearen ehizan eta ustiapenean trebeak ziren euskaldun asko haien zerbitzura jarri ziren soldatapeko lanean, nahiz eta 1608an Errenteriako sindikoak, estatuko legeetan oinarrituta, euskal jendeari atzerritar ontzietan jarduteko debekua ezarri. Agindua ematea erraza da, baina agindua betetzea eta lanik gabe geratzea gauza bera ziren, estatuak aginterik ez zuen lurretan eta uretan jardutea arriskutsua ez ezik ezinezkoa ere bazen eta. Lehenago bezala, eurek armaturiko ontzietan joan eta euren kabuzko lana egitea mentura eroa bihurtu zen, beste estatu batzuen menpeko lehor eta uretan jardun beharraz gain, piraten erasoen arriskuan baitzeuden noiznahi eta edonon, babestuko zituen inoren laguntzarik gabe. Hala, soldatapean lan eginez, bihurtu ziren euskaldun asko atzerriko itsasgizonen irakasle, haiek lanbide horretan maisu bihurtzeraino.
« Histoire de la Peche » liburuan (Thomazi) adierazten denez, London-eko merkatari menturazaleen elkarteak, John Davis-ek ipar-mendebaldetik indietara joateko bidea aurkitzeko ahaleginak porrot egin zuela onartuta, itsaso haietan balea ugari zeudela jakitun, Donibane Lohitzunera bidali zuen mezulari bat, baleen harrapaketan eta ustiapenean heziko zituen maisu batzuen bila. Hala egin zuten daniarrek eta holandarrek ere eta, eskaintzen zituzten soldata erakargarriei ezin muzinik egin. Ternuara eta Groenlandiara ezezik, Spitzberg (Svalbard artxipilagoko irla nagusia, gaur egun Norvegiari dagokiona) aldeko ur izoztuetara ere bideratu zen euskal pilotu eta arpoilarien lan hori, XVII.mendearen hasiera-hasieratik. Ipar polotik urrutira gabe, Ozeano Artikoan.
Acarias Senionek idatzitako La riqueza de Holanda liburuko paragrafo batzuetan argi adierazten da holandarrek euskaldunengandik ikasi zutela balea harrapatu eta ustiatzeko teknika. XVII. mendean holandarrek aurrerapen handiak egin zituzten nabigazioan eta hala hasi ziren balearen harrapeketan ere, euskaldun itsasgizonen esperientzia eta ehizalekuak, Islandiatik Groenlandiaraino, baliatuta.
Euskal itsasgizonak, hunter zein fisher, protagonista izan ziren, ba, Erdi Aro berrian eta modernitatearen atarietan baina, geopolitikak eraginda, euren urte askotako lan zailak irakatsitakoa ipar Atlantikoan agintzen zuten estatuei saldu behar izan zieten.
M. Ciriquiain-ek Los Vascos en la pesca de la ballena esaten duenez ( 188-189 orrialdeak), Lope de Isasti eta Arnaud Oihenart izan ziren euskal baleazaleen berriak ematen lehen euskal idazleak, euskaraz idatzi ez bazuten ere. Lope de isastik bere Compendio historial liburuan (1625) dioenez, euskaldunek onura handia lortzen zuten Ternuako uretan bai bakailaoa arrantzatuz, bai baleak ehizatuz, baina ez ditu euskaldunak Terranovaren aurkitzaile gisa aipatzen. Azkenean, espreski adierazten du ingelesek jarritako trabek, pirateria barne, eragin zutela negozio horren gainbehera.
1636an A. Oihenartek latinez idatzi zuen Notitia utriusque Vasconiae lanean ere aipatzen da Lapurdiko gizonezko gehienak itsas-nabigaziora emanak zirela eta Terranova izeneko alde hartan bakailao kopuru handiak arrantzatzen zituztela.
Gehiegizkoa izan liteke euskaldunak 1372an Ternuan kokatzen ditueneko data, zehatza bada ere. Beste kontu bat da zer ulertzen den euskalduna esatean. Hala, Joan Etxebeste zarauztarrak 1619an idatzi zuen Memorial batean irakur daiteke honen aita, Matias Etxebeste izan zela 1545ean, balea eta bakailotan hain aberatsa zen Ternuara bidaiatu zuen lehen espainiarra (hego aldeko euskalduna, noski); pilotua zela esaten du, gainera. Ekaitz handi batek hainbat itsasgizon irentsi zituela 1577an ( Labrador-eko Château Bay-n ?) eta harrezkero itsasontzi banaka batzuk baino ez zirela ur haietara joaten eta bakailaoa baino ez zutela ekartzen.
Duela bi urte (2015) ospatu da, duela 400 urte, 1615ean, Islandian euskaldun baleazale batzuek jasandako tragediaren urteurrena. Kanadan lana zaildu zitzaienean, hurbilagoko ehizaguneetan saiatu ziren eta Islandiako ehiza-aldi horretako euskal baleazaleen hilketa ankerraren berri ematen duen idatzi bat argitaratu zuten hiru hizkuntzatan : ingelesez, euskaraz eta gaztelaniaz. 1615 Baskavígin (Euskal baleazaleen hilketa) da liburutxoaren izena. Montevideon eman zuen argitara « Sociedad de confraternidad vasca Euskal Erria » elkarteak. Jon Gudmundsson jakintsuak « egiazko kontakizuna » eman zuen, egia ofizialak gezurtatuz edo, bederen, egiatik hurbilago zeuden berriak emanez. Urte askotan isildu eta ahaztu den kontaera horrek ere hurbil gaitzake itsasgizon haien bizimodu latz eta arriskutsuaren berri izatera.
Balearen ehizaldia amaituta, etxera abiatzekotan zirela, ekaitz batek hondoratu zuen Martin Villafrancaren galeoia eta, egoera larri hartan euskal marinelek, goseak eranginda, burututako ekintza eta lapurreta batzuk tarteko, Islandian Danimarkako erregearen ordezkaria zen Ari Magnusson-ek akuilatuta, euskaldunen ehiza hasi zen, ekaitzak eragindako galerari jazarpen ankerra gaineratuz. Bitxia da 2015era arte indarrean egon dela euskaldunen ehiza aldarrikatu zuen lege hori. Islandiako hiriburuan 2015ean, 400 urtez indarrean egondako lege horri adiskidetasunezko besarkadak amaiera eman zion arte.
Islandiako gertaera horiek aparte utzita, esan behar da estatuek euren agintea ezartzeko grina erakutsi baino lehen ere hegoalde eta iparraldeko euskaldunek balea eta bakailao arrantzuan ari zirela eta lan horrek eskaintzen zuen negoziorako aukerak eragin zuela estatuen eskuhartzea eta, ondorioz, historiaren kontaera.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)