Jada XII. mendekoa da islandiar eskuizribu batean ageri den sailkapen bat eta haientzat ez ziren berdinak balea guztiak. Bi mota bereizten zituzten, behintzat: Nord-wall, Islandiatik iparraldera zebilen balea eta Slätbag, hegoalderago bizi zena. Azken hauxe izango zen euskaldunek Terranovako itsasoetan aurkitu zuten sardako balea. Kantauri aldera jeisten zen balea mota aspaldi galdu zela dirudi, arrantzaren presioak eraginda eta, batez ere, XIX. XX. mendeetako arrantza mota industrialak ia dena suntsitu zuen arte. Gaur egun Artiko aldeko baleak desagertutzat jotzen dira ia eta Antartikoan dagoen populazioa zaintzeko saiatu beharra izango dugu, harrapaketak erregulatuz.
Kantauri aldean arrantzatu ohi zuten balearen ezaugarriak jasoak daude, dena den, XIX.mendean, 1854an zehazki, Donostiako baleazaleek Getaria eta Zarautz artean baleakume bat harrapatu zutelako eta Monedero deiturako marrazkilari batek haren ezaugarriak marraztu baitzituen. Zientzilarien eskuetara iritsi zen marrazki hori, Eschricht deitura zuen daniar zetologo baten eskuetara ere bai eta honek, Iruñeako institutu batean zokoratuta zegoen baleakume horren hezurdura Copenhageko museora eraman zuen (1858). Oso ondo konturatu zen jada desagertzear zegoen Bizkaiko golkoko balearen familiakoa zela. Hala deitu zion Balaena Biscayensis: bizkar-hegatzik gabea eta azal leunekoa. Antzeko bat hatzeman zuten Italiako Tarenton ere eta haiek ere Eschricht jakitunak ezarritako ildoari jarraituz, la balena dei baschi (euskaldunen balea deitu zuten)
Geroago, 1878an, era berean Getaria eta Zarautzen artean harrapatutako balearen hezurdura, Donostiako Udalak erosi zuen, hiriko Natur Zientzietako gabineterako. Lanak ondo egiteko, Donostiako Udalak, Naturaren Historiako katedraduna zen Cándido Rios Rial Copenhagera bidali zuen hango Museo Zoologikoan erakusten ziren baleen hezurdurak aztertu eta Donostiako zientzien gabineteko institutuan berme osoko muntaia egin zezan. «Ballena eúskar» edo balaena euskariensis izena darama gaur egun ere ikus daitekeen eskeleto horrek, baina Eschricht daniarrak Biscayensis izendatu zuen bera da. Pentsatzekoa da, Frantziaren hego-mendebaldea eta Espainiako Kantauri-ekialdea izendatzeko erabiltzen den Bizkaiko Golkoan agertu eta harrapatu zituztelako emango ziela izen hori, probintzia soil baten izena baino areago baita itsas-golkoaren izena.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
- Euskaldunak protagonista
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)