Desagertzeko zorian

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2017ko uzt. 19a, 08:54

Irakurri ditudan liburuetako batek badu, bere laburrean, euskal baleazaleen ekintzekiko hurbiltasunak ematen duen indarra.

 René Bélanger kanadiar ikertzaileak Auñamendin argitaratu zuen Los vascos en el estuario del San Lorenzo. 1535-1635 liburuak, artxiboetan jasotako dokumentuen bermeaz gain, San Lorenzo ibaiaren ipar-ertzean, Labrador penintsularen hego aldean jaio eta bizi izandakoaren lekukotasun beroa dakar. Lesquemin (Les escoumins) herrian sortu zen ikertzaile hau eta XVI.mendean euskal baleazale eta arrantzaleek San Lorentzo ibaiaren ahoan egin eta eraikitakoa du hizpide, Lesquemin horretatik Saguenay ibaiaren eskuin aldeko Nouvelle Biscaye arteko ibaia ertz horretako tartean. Gero, Québec sortu zutenean (1608), hura bihurtu zen portu eta pausagune nagusi, Saguenay ibaiaren ondoan eraikitako Tadoussac-en ordez.

angel ugarteburu Saddle Island
    Belanger horrek esaten duenez, Escoumins-en hasi eta Saguenay arteko uren sakontasunak, gazitasunak eta planktonaren aberastasunak erakartzen zituen hara baleak eta gainontzeko zetazeoak. Beraz, Terranova irlako aktibitateaz gain, kontuan hartzekoa da San Lorentzo ibaiarean ahoan, ezker eta eskubi, egindako arrantza, ehiza eta ustiapen lan guztia. Lur haietara arrantzura, baleen ehizara zein, lur haien beste aldera pasatu nahi zutenentzat “lur berria” edo Terra nova zen guztia, izan irla zein kontinente.
Oso handia izan behar zuen San Lorentzo ibaiaren sarrera horretan pilatzen zen balea kopurua, uztailetik urrira bitartean. Hala utzi digu idatzita 1535eko abuztuaren 14an migrazio horren lekuko izan zen J. Cartier ospetsuak: “ez du inork gogoratzen egun horretan ikusi genuen adina balearik ikusitako egunik”.
    Ilustratuen Entziklopedia metodikoan adierazten denez, Jean Soupite ziburutarra (Ciboure) izan zen balearen koipeak urtzeko labea itsasontziaren barruan kokatzeko asmakizunaren egilea. Lehorrean egindako faktoriak etengabeko arriskupean zeuden, egon ere, ez baitzuten inolako babesik. Hasiera batean harreman onak zituzten euskaldunek eskimalekin, baina tribuen arteko lehiak tarteko eta, zenbait dokumentuk adierazten dutenez, euskaldunen batzuek, sexu-baraualdiak eraginda, emakume eskimalekin (ezkonduren bat ere bai tartean) burutu zituzten neurtu gabeko ekintzek eten egin zuten adiskidetasunezko lankidetza. Lehorrean labeak eta tresneria izan eta bertan lan egitea zail bihurtu zitzaien eta hala sortu zituzten itsasontzi barruko labeak. Abantaila hori gero eta handiagoa izan da, mendeak pasatu ahala itsasontziak gero eta handiagoak eta seguruagoak izan baitira. Balearen olioa zein iraz-bizarrak ustiatzeko lehia horretan gehiegizko harrapaketara iritsi da, negozioaren ase ezinezko grinak eraginda.
    Joseba A. Bontigik idatzi eta 2002an Eusko Jaurlaritzak argitaratu zuen Baleekin Jolasean liburuko 127.orrialdetik, ia hitzez hitz jasoa da ondorengo aipua: "1931.urtean nazioarteko merkatuak ase egin ziren balea-koipez. Produktuaren salneurriak behera egin zuen eta horrek gehiegizko produkzioaz ohartarazi zituen. Merkatuetan kolapsorik gerta ez zedin, balea-industrian zebiltzan herrialdeak balea-ehiza arautzen hasi ziren… Baleazaleen Jarduerak Arautzeko Nazioarteko Konbentzioa sortu zen" nahiz eta Alemaniak eta Japoniak ez zuten nahi izan parte hartu horretan. Dena den, ahalegin horrek merkatua arautzea zuen helburu eta ez balea babestea. Adibidez, 1965 eta 1967 bitartean Sobiet Batasunak (U.R.S.S.) iparraldeko sardako 300 balea harrapatu zituen; hau da, gaur egun guztira geratzen den kopuru berbera.
Hidroelektrikaren bidezko argi-indarrak lehenik eta beste ekoizbide batzuek geroago, balearen olioaren eta beste ustiagai batzuen errentagarritasuna jaistea eragin dute, zorionez, sarraskia ekiditeko aukera emanez, baina oraindik ere jaki preziatua da baleakia herrialde batzuetan eta negozioak sortarazten duen grina itsua izanda, badago baleari benetako babesa emango dion ekologia-erakunde (Greenpeace) eta taldeen beharra, hau da, naturaren oreka eta izaki guztien babesa lehenetsiko duen gizarteko jarreren premia.

 

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)

angel ugarteburu Japan Factory Ship Nisshin Maru Whaling Mother and Calf