Ni baino anaia gazteagoa ere han ibili zen lanean, kasu honetan baso-lanetan eta bertan bizi da, baina Kanadako beste puntan, British Columbiako Vancouver-en, hain zuzen. Pentsatu zer distantziaz ari garen! Europatik Ternuako St. John-era beste bide dago handik Vancouver-era. Hura bisitatzen izan ginen 2008ko udan, Kanadako Quebec hiria sortu zenetik (1608) laurehun urte betetzen ziren urte berean, hain zuzen, emaztea eta biok eta horrek, mendebaldeko kostaldea ez ezik Alberta eta hango Banff eta Jaspers parkeak eta hango laku ikusgarriak gozatzeko parada eskaini zigun. Gero, Rail Canada tren turistikoan Torontoraino etorri eta Niagara, Montreal eta Quebec citty apur bat ezaguteko aukera eman zigun. Hain urruti geratzen ez zen ekialdeko kosta zapaltzeko irrikaz bueltatu nintzen.
Berria egunkariak sagardotegiez atera zuen gehigarri batean irakurri zuen emazteak Astarbe sagardotegiak Baleazaleen errutan parte hartzeko asmoa zuela eta, gutxi gorabehera, Ocean endeavour izeneko itsasontzian egin asmo zuten 8 eguneko nabigaldiaren berri ematen zuen. Emazteak bultzatuta, harremanetan jarri eta antolatzaileekin mezu bidez jakin nituen jakin beharrekoak.
Horrelako bidaia batek, gehienek bezalatsu, hiru atal garrantzitsu izan ohi ditu: Prestaketa lana, bidaia bera eta ondorengo kontaeraren birbizipena.
Prestaketa lan horretan irakurri ditut hiruzpalau liburu, ikusi behar nuenaren interesak ematen duen jakinminarekin. Azaletik ezagun nituen hainbat gauza sakonagotik ezagutzeko aukera eman dit horrek. Banekien, ezagun baino gehiago dudan Jon Maia zumaiarra ibilia zela duela hamar urte inguru San Joan itsasontziaren Albaola proiektuaren barruan egindako Beothuk batelaren mentura kitzikagarri hartan San Lorentzo ibaian zehar euskal baleazale eta arrantzaleen bideak berribiltzen. Hala adierazi nion nire asmoa eta, haren informe onari men eginda, eman nuen nire izena.
Ibilaldi haren berri banuen, sasoi hartako egunkarietan irakurri bainituen xehetasun asko eta proiektuaren ildo nagusiaren nondik norakoak. Jon-ek idatzitako Apaizak Obeto dut orain eskuartean eta ederra izan da, aurrez irakurri eta aztertuak nituen liburuen ondoren, Albaolakoek egindako ibilaldiaren xehetasun jakingarriak irakurtzea. Historia ikasteko modu berezia da itsasgizon haien erara jantzi, nabigatu, ekaitzak pairatu eta ia sentimenduak konpartitzea. Modu gizatiarra. Hango biztanleekin harreman zuzena izan eta haien kezkak konpartitzeak, historia hezurmamitzera, zeureganatzera, zaramatza.
How are you? galdetuta, - Apaizak hobeto erantzuten zuten euskal itsasgizon haiengandik ikasi zuten bertako biztanleek, beste hitz asko bezala. Elkarbizitza normal samarra izan zuten seinale. Itsasgizon haien bizitza gogorra zela ere adierazten du erantzun horrek. Albaolakoek egin zuten bidea ere ez zen oso samurra izango, duela bostehun urtekoen antzeko baldintzetan burutu baitzuten euren mentura.
Ekaitz bortitz batek eragin zituen euskal itsasgizonek 1615ean Islandian izan zuten deskalabroa eta hilketa ankerrak. Ekaitzak hondoratu zuen San Joan ontzia ere Red Bay-n, 1565ean. Shelma Huxley ikerlariak atera zuen argitara Oñatiko artxiboetan (1978), Miguel Beroiz eta Joanes Portuk prestatutako kanpainan San Joan galeoia hondoratu zeneko kontua eta lekuaren berri. Gero, Robert Grenier arkeologoaren lanari esker, hondoan zegoen ontzi handia eta haren ondoko bi txalupak aurkituta, hasi zen Albaola egitasmoa, egurrez, oihalez eta bizibeharrez idatzitako gure historiaren atal harrigarria bezain ahaztua.
Guk egingo dugun bidaiari, ostera, APAIZAK BAINO HOBETO dagokio. Areago esan daiteke hori, gaurko apaiz apurren bizimoduari erreparatuz gero.
Apaizak baino hobeto ibiltzeko parada eskaini digu Balleneros vascos taldeko eragileek egindako programa aberatsak. Adinean aurrera goazenoi ere, gure aurretik halabeharrezko, ez atseginezko, txangoa egin zutenen ur eta luberriak ikusmiratzea kitzikagarria egin zaigu.
Nik hemen aipatu ditudan liburuak eta ikertzaileak baino gehiago ere izan dira eta badira, baina aldi luzez euskal probintzia izandako Ternua apur bat ezagutzea nuen xede eta hori lortu dut, behintzat. Ezagutzen ez dena ezin da maitatu eta gu, euskaldun izanda, geure herritarren historiaren arrastoak apur bat arakatu beharrean gara, ilunpean geratu diren gertaera eta bizipenak birbizi eta ulertzeko.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
- Euskaldunak protagonista
- Balea mota ezberdinak
- Desagertzeko zorian
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)