Ezin ukatu Robert Grenier gurekin izateak ikutu berezia eman ziola txangoari. Hark ingelesez eta Manuk gaztelaniaz eman zituzten San Joan galeoiaren aurkikuntzaren xehetasunak, era oso pedagogikoan grafikoak eta marrazkiak zein argazkiak erakutsiz. Shelma Huxley-k Oñatin aurkitu zuen dokumentua izan zen kanadiar arkeologia taldearen abiapuntua eta ederki etorri zitzaizkigun azalpenak, hurrengo egunean Red Bay-n ikusiko genuena hobeto ulertzeko.
Haien jardunak bere jarraipena izan zuen, ia egunero, 7:30 aldera, trikiti eta pandero soinuz egiten genuen.
Txotx ikusgarrian: - Baleazaleak! Txotx!!! Egiten zuten oihu Astarbetarrek eta guztiok harekin batera errepikatzen. Sagardoa funtsezko edaria izan zen itsasgizon ausart haientzat eta guk ere lerro luzeak egiten genituen barrikaren aurrean, edalontzia eskuetan. Hizkuntza guztiak entzun eta egiten genituen sagardoaren graziaz. Han ez zen inor atzera gelditzen. Amerikarrak, kanadiarrak, irlandarrak, hegoamerikarrak, inuitaren bat edo beste… munduko arraza gehienak eta hizkuntza askotako jendea. Lehen txotx-a St. John-eko portutik atera baino lehen egin genuen, popako zolan. Freskotxo, aukeran. Hurrengo egunetan, barruko aretoaren alfombra gainean plastikoa jarrita, epeletan, ibili ginen gure txotx-a egiten. Urdaiazpikorik ere ez zen falta izaten. Sagardoa lagun egindako dantza, kantu, trikitia eta abarrek eramaten gintuzten, elkarri eskutik helduta, pasakalean, jangelaraino. Halaxe ia egun guztietan.
Saiatzen naiz kapitulu bakoitzari berea ematen, baina ekintza elkarjarriek batasun ludiko-zientifikoa eskaintzen zuten eta saltsarik gabea izango litzateke kontaketa, atalak banatuta emango banitu.
Esan behar da Ternuako kosta sakonera txikikoa dela. Horregatik, gure Ocean endeavour horrek ertzetik zenbait milatara botatzen zuen aingura. Itsasoaren sakoneraren eta itsasaldiaren arabera. Zodiac-etan lehorreratu behar. Horretarako, eginak genituen, komandantearen esanetara, gure prestaketak. Bakoitzaren oineko neurria hartu eta hala eman ziguten gomazko botin pare bana, beheko estaian zegoen takilan gorde genezan. Baita flotagailuak ere. Beharrezkoa zen botak jaztea, portu gehienetan harritzan egin behar baikenuen desenbarkoa. Gero, eskularruak, gain-jantzi iragazkaitza, buruko txanoak (bata hotzetik babesteko eta bestea, plastikozkoa, ez bustitzeko), praken gainetik plastikozko galtzak. Barruko erropa termikoa ere eraman genuen, hotz handia gertatuta ere. Ez genuen, hotzagatik behintzat, arazorik izan, lehen eguneko 5 graduak izan baitziren baxuenak. Gero, 10 gradutik gora ibili ginen ia beti. Han ere ekaina, ekaina baita.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
- Euskaldunak protagonista
- Balea mota ezberdinak
- Desagertzeko zorian
- Apaizak baino hobeto
- Prestaketa lanetan
- Honek Pasaia ematen du
- Sartu gara ontzian
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)