Perretxiko-lekua isilpean edukitzen den bezalatsu, batzuek diotenez, euskal marinelek ere ezkutuan edo, eduki zuten negozio onerako aukera ematen zien leku hura. Propagandarik ez zuten egin, behintzat, baina laster jabetu ziren lehiakideak han pagotxa zegoela, lan eginez gero.
Bihar Saint Pierre eta Miquelon deritzon Frantziako probintziara joan behar dugu eta, nolako eguraldia izango ote den, kezkaz daude arduradunak.
Ternuaren hego aldean dauden bi irlatxo dira: 6000 biztanle ditu Siant Pierrek eta 600 Miquelon-ek. Iparraldeko euskaldunak izan omen ziren han lehenak ; gero, normandiarrak eta bretoiak ere bai. Haien ondorengoak dira gaur han bizi direnak. Utrecht- ko itunaren ondoren (1713), Frantzian eta Espainian borboitarrak agintean geratu zirelarik, Ipar Ameriketako kolonia ia guztiak utzi behar izan zizkion Frantziak Ingalaterrari, ez gerrarik egin gabe, noski. Saint Pierre eta Miquelon probintzia geratu zen Frantziaren menpe eta halaxe dirau. Gobernuak ordaindu ere egiten omen zien frantziar biztanleei (ipar aldeko euskaldunak tartean, noski), bertan gera zitezen. Argi dago euskaldunak ere aintzat hartzen dituztela ; areago, gobernuan daudela, bertako banderan ikurrina ere ageri baita.
Portu garrantzitsua da Saint Pierrekoa eta ez dugu botina beharrik izan, zodiac-etan pantalanera hurbildu gaituztenean. Eguraldi lainotsua, baina ez aurreko egunean bezain petrala. Nahiko fantasmagorikoa da paisaia, ez baita urrutira ezer ikusten. Frantzian sartu garela ematen du, kaleen izendegian zein dendetako iragarkietan. Donibane Lohitzunen egongo bagina bezala. Frontoi aldera bidali gaituzte. Herriaren erdi-erdian dago, plaza batean, Zazpiak Bat 1906 idatzia duen gure iparraldekoen antzeko horma bakarreko frontoia eta gazte batzuk bertan jolasten. Jai giroa, asteartea izan arren, eta bozgorailuz euskal musika: Mikel Laboa, Benito eta abarren kantuak. Euskal Herrian gaudela dirudi. Frontoiaren aldamenean trinketeari itsatsitako Euskal Etxea eta ikurrina mastaren puntan.
Musikaz gain, euskal dantza taldeak ere saio luze samarra eskaini digu. Pintxoak eta edaria eskaini digute, nahi beste denetatik. Jendeak cadeau dendetara jo du (etxera ekarri beharreko oparietan burua) eta denbora igarri gabe pasatu zaigu. Sinpatia handiz hartu gaituzte. Dantza, pilota eta abesti arteko giroan joan da denbora eta bertako jendearekin hitz egin faltaz geratu naiz: ia euskararik badakiten, nongoak zituzten arbasoak e.a.
Euskal bakailaozaleak asko ibili ziren hemen eta ostatu hartu ere bai herrian. Portu honetan egin ohi zituzten deskarga asko ere. Itsasontziek arazo teknikoak zituztenean Halifax-eko portura jotzen omen zuten.
Kontu bitxia izan da gaurkoa: hiru diru mota erabili ditugu bi egunen barruan: itsasontzian, amerikar dolarra; Woody point-en kanadiar dolarra eta Saint Pierren, euroa.
Endeavour-era itzuli eta bazkal ondoren, beti bezala, badago zer ikusi eta ikasi Nautilus Lounge aretoan. Marc Seguin doktorea dugu hizketan eta gaia “Lighthouses in Newfoundland”. Ternua bezalako kosta zigizagatsuan ez pentsa txantxetako kontua denik portura modu seguruan sartzea. Gainera, sakonera txikia dago itsas plataforma hurbilean eta horrek ontziak trabatzeko arriskua dakar. Esana dugun bezala, itsasertzetik nahiko urruti botatzen zuen aingura gure ontzi handiak, zodiac-etan hurbiltzeko.
XVI. mendean, jada, publikatu zuen Oiartzabal ziburutarrak portuetara hurbiltzeko aholkuz betetako liburua. Hantxe aipatzen dira, zehaztasunez, Ternuako kostaren xehetasunak ere. Gerotxoago, liburu hori euskarara itzuli zuen Pierre Detxeberri (Dorrek).” LIBURUHAUDA IXASOCO NABIGACIONECOA” (Horrela idatzita, hitzez hitz). Euskal toponimiaz gainezka ageri da Ternuako kosta. Orduan izen horiek ezagun ziren seinale. Hor ageri dira Oporportu, Portuchoa, Barachoa, Antonzulo eta beste. Ohargarria da ia paragrafo bakoitzaren hasierak duen maisu-jardunaren aholku itxura: “Iaquitecoduzu... “ gehienetan eta “Iaquinbeharduzu” beste batzuetan. Liburua irakurri behar zuten horiek, alfabetatuak izanik, frantsesa ere jakingo zuten, baina argi dago ordurako euskara erreibindikatu nahi zutela ere edo, akaso, euskaraz hobeto ulertzen zutela.
Testuinguru horretan, pentsa zer garrantzia izan duten itsasargiek Ternuan ibiltzeko. 100 itsasargitik gora zeudela Ternuako kostetan. Garai batean, itsas-kapitainen batek esana omen da “txorien zaratak” zirela farorik onenak. Hala izango zen, behelainoz estalitako egun eta gauetan. Gaur egun, radar-en zerbitzuari eta bestelako abantailei esker, lighthouse batzuk gai iraunkorragoz (metalez) berregin eta haiek dira gauez eta egunez portuetarako bidea edo ontziaren kokapena erakusten dutenak.
Xehetasun tekniko eta historiko asko eman ditu Marc irakasleak, pantailan argazkiak ere erakutsiz. Interesgarria eta gauden lekura egokitua gaurko hitzaldia ere.
Avalon penintsularen puntan dagoen Cape Spear-ekoa da Europatik itsasoz datorrenak ikusten duen lehen argia.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
- Euskaldunak protagonista
- Balea mota ezberdinak
- Desagertzeko zorian
- Apaizak baino hobeto
- Prestaketa lanetan
- Honek Pasaia ematen du
- Sartu gara ontzian
- Zientzia eta sagardoa
- Zodiac-etan lehorrerantz
- Chateau Bay
- Barruko lana
- Red Bay
- Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)