Bidaideak

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2017ko ira. 19a, 11:15

Idatzia dut 106 izan ginela Ternuako bira horretan, baina, txangoa bere azken egunera iristen ari den honetan, ordua da, berriro ere, bira honetan lagun izan ditugunen aipamena  egiteko.

Eskifaiakoak: kapitain, lemazain, komandante, sukaldari, zerbitzari, garbitzaile… denek hartu gaituzte ondo baino hobeto. Sinpatia nagusi izan da gure artean. Ontziko agintariak zein bidaiaren antolatzaileak gure ondoan eta lagun izan ditugu. Arizmenditar aita-semeek (alaba Addaia ere han zebilen, gero konturatu nintzenez) arreta handia jarri dute gu ondo ibil gaitezen, eskifaiako kide guztiek bezala.
    Euskal Herritik joan garenon artean, normala denez, harreman luzeagoa izan dugu Azul Marino agentzia bidez bidaiatu dugunok. Gure gida,  Lourdes, beti izan dugu gertu itzulpenak egiteko eta beste behar batzuetan laguntzeko. Joan-etorria batera egin dugu eta azken bi egunak ere elkarrekin egin ditugu St. John´s-en.
    Kanarietan  itsas-lanetan diharduen bermeotar batek, Gaizkak, azalpen asko eman dizkigu itsasontziari eta nabigazioari buruz. Gurekin doa munduan zehar asko bidaiatu duen Mallorcako Dani ere. Bilbo, Barakaldo, Ugao, Getxo, Bermeo, Kanala, Plentzia, Donostia, Irun, Hondarribia, Ezkio-Itsaso, Aretxabaleta, Beasain, Hernani, Astigarraga, Eibar, Elgoibar, Betelu, Iruiñea. Idahotik etorritako emakume bat ere bai, Antoinette. Donibane Garazikoak omen zituen arbasoak eta ezaguna zuen nire anaia gazteagoa, Tomas, diasporako euskaldunek Idahon egiten dituzten bileretatik. New York-en bizi den Iñaki, Beteluko Sotil Lasa pilotari ohia eta Estatu Batuetan bizi dena nola ahaztu edo Ingalaterrako Newscastle-n bizi eta euskaldunon saltsan hain gustura ibili zen iruindarra. Leku gehiagotakoak ere izango ziren bai, ziurrenik, baina nik horiek gogoratzen ditut eta guztiak atseginez.
     Itsasoko bizitzarekin zerikusia dutenak dira batzuk. Hala, senideren bat bakailaotan Ternuan ibilia duelako (nire eta beste batzuen kasua), itsas eta arrantza gaiak gustuko dituelako...
    Plentziak eta Placentiaren arteko anaia-egitea zela eta, apropos ekintza horretarako joan ziren agintariez aparte, gurekin joan ziren Plentzia eta inguruko beste batzuk ere. Gure bidaiari buruz, komiki erako marrazki politak egin zituen Silvia horien artean.  Josean Barturen-ek ere badu itsasoarekin lotzen duen historia hunkigarri bat.  Nemesio Barturen, bere aspaldiko senide bat, (1925ean hila), itsasoko ekaitzetan hainbat pertsona salbatutakoa omen zen. 29, zehatz esateko; eta hori, bere bizitza arriskuan jarrita. Armintzan eta Kantabria aldean egindakoak aipatzen dira, berak eman zidan dokumentuan. Zumaian eta Donostian hain aipatua den Aita Mari (Jose Maria Zubia Zigaran) ekarri didate  gogora Nemesioren ekintza horiek. Aita Mari, 1866an ito zen beste batzuk salbatzeko ahaleginean.
    Ternuan bakailaotan ibilia delako etorri da, semeak lagunduta, Hondarribiko Antonio Arozena, bakailao-ontzietan kontramaisu izandakoa. Lekuko edo testigu aproposa, kontu batzuk zehatzago jakiteko.
    Euskal Herrikoak izan gara erdiak inguru eta horien artean, euskara dakigunak edo ulertzen dutenak asko. Beste erdia amerikarrek, kanadiarrek (inuita jatorriko bat ere bai tartean), kataluniako bizpahiruk, irlandarren bat edo bestek eta zehaztu ezin ditudan beste herrialde batzuetakoek osatu dute. Eskifaian ere nazio askotako jendeak ziharduen lanean. Hegoamerikarrak ere bai tartean.
Sagardoaz ez ezik dantzaz ere asko dakiten Astarbetarrak, Xabier Solano trikitilaria (artista) eta bere familia, Culinary Centre-ko biak (Elena eta Alfontso) nola ahaztu. Horiek gabe asko galduko zuen gure txango honek. Euskaldun bat bezala, gurekin bat eginda ibili ohi zen Tony Oxford, Ternuako gizon polifazetikoa eta polibalentea, egunero bere kantuz eguna alaitzen saiatzen zena. Maisu, alkate, zodiac gidari, musikari… zer ez zen bera!

angel ugarteburu 12 bidaideak beasaindarrak  Kontua da, Txotx!!! entzun orduko lerro luzea osatzen genuela sagardo-upelaren aurrean, trikiti-soinua lagun. Babel hura paradisu bihurtzen zuen sagardoaren graziak. Txotx-giroan trikitiaren soinuak, dantzak eta izena gogoan ez dudan emakume haren irrintziek dimentsio berezi batera eramaten gintuzten. Zenbat jazten duen horrelako saio bat ondo egindako irrintzi batek!
    Gaueko jaialdietan ere musika-tresna ezberdinez osatutako orkestra ikus-entzuteko aukera izaten zen, musika hizkuntza unibertsala baita. Azken gauean musikak eta dantza saioak luzeago jo zuen, hurrengo egunean ez genuelako egitarau esturik: St. John´s portura iritsi, tramiteak egin, ontzitik jeitsi eta autobusez hiriari ikustaldi bat, gida batekin. Lo bat eta bera sakona. Esnatu ginenean azken badiara hurbiltzen ari ginen.

angel ugarteburu 12 xilofonoa

∞ Aurreko sarrerak:

  1. Ternua-Newfoundland
  2. Balea: fantasia eta errealitatea
  3. Euskal itsasgizonak baleen atzetik
  4. Euskararen arrastoak
  5. Euskaldunak protagonista
  6. Balea mota ezberdinak
  7. Desagertzeko zorian
  8. Apaizak baino hobeto
  9. Prestaketa lanetan
  10. Honek Pasaia ematen du
  11. Sartu gara ontzian
  12. Zientzia eta sagardoa
  13. Zodiac-etan lehorrerantz
  14. Chateau Bay
  15. Barruko lana
  16. Red Bay
  17. Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
  18. Saint Pierre et Miquelon
  19. Plasentia leku atsegina da

Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)