Amaitu dira itsasontziko balantzak. Autobusak hartu gaitu eta herria alderik alde gainbegiratu dugu. Spear Cape-ra ere eraman gaitu autobusak hango itsasargia ikustera. Gero, Trenbideen museoa, Portu zaharra, Quidi vidi auzoa, Signal hill-eko museoa eta dorrea, Queen Elizabeth bateria-gunea…non zeuden erakutsi digute. Izango dugu aukera geure kontura hurrengo egun eta erdian bazterrak arakatzeko.
Iritsi ginenean izandako inpresioa, berriro: honek Pasaia dirudi. Quidi Vidi auzoa, maldan gora apur bat igota dago. St. John´s-ekoek asko edaten duten garagardoa egiten dute hemen. Laku handi samar bat dago bertan eta porturaino jeisten den errekatxo bat. San Joan egunetan gaude eta aste honetan egingo dute estropada bat lakuan. Gu ez, gara jada, hemen egongo. Txikia eta polita da Quidi Vidi auzotxoa.
Queen Elizabeth baterien goiko zelaian militarrak ari dira desfileak egiten turuta eta soinu artean. Noizbehinka, tiro-hotsak. Canada day izango da uztailaren 1ean eta jai horretarako prestaketak egiten ei dabiltza.
Biharamonerako bazkaria enkargatu dugu Cafe Express izeneko jantokian. Hantxe ematen omen dute lobster-a, ondo eta prezio onean. Jantokiko kristalean ere argi erakusten dute zein den euren “espezialitatea”: Live lobster (bizi ezazu otarraina). Halakoa zegoen, bai, bizia eta gustagarria. Han merke samar dago, horretara asko dedikatzen dira eta, batez ere bakailaoaren moratoriak behartu zituztelako duela urte batzuk.
Goizean elkarrekin ibili gara hiriko goialdeak ikusten. San Joan Bateatzailearen eliza, The Rooms museo ederra eta gero, esandako lekura, bazkaria egitera.
Azken arratsa, 23koa, neure kontura hartu dut herrian apropos galduta ibiltzeko. Ederra izaten da hori ere, batzuetan.
Ez nuen nahi izan etxeratu Signal hill talaiara igo gabe. Halaxe joan eta ikusi nuen hainbat balea eta itsasontzi (baketsu zein gerlariren) beilalekua. G. Marconik ere tontor honetan jaso zuen Europatik Amerikara bidalitako lehen irratí-uhina.
∞ Aurreko sarrerak:
- Ternua-Newfoundland
- Balea: fantasia eta errealitatea
- Euskal itsasgizonak baleen atzetik
- Euskararen arrastoak
- Euskaldunak protagonista
- Balea mota ezberdinak
- Desagertzeko zorian
- Apaizak baino hobeto
- Prestaketa lanetan
- Honek Pasaia ematen du
- Sartu gara ontzian
- Zientzia eta sagardoa
- Zodiac-etan lehorrerantz
- Chateau Bay
- Barruko lana
- Red Bay
- Txotx! Afaldu eta lo. 'It´s foggy'
- Saint Pierre et Miquelon
- Plasentia leku atsegina da
- Bidaideak
Angel Ugarteburuk euskal baleazaleek Ternuan laga zuten arrastoari segika joango den espedizioan parte hartuko du (2017-06-14)