Aspaldi gure sukaldera sartu gabe zegoen eta, bat-batean, argia pizteko giltzari begira zera galdetu zidan: - Aittita! Hori aldatu egin duzue ezta? Lehen gorago zegoen. - Ez, ez. Hortxe egon da beti. Zeu aldatu zara. Hazi egin zara eta horregatik ikusten duzu orain zeure parean. Lehen ez zinen iristen.
Herriko jaietan suzko erroberak edo txapligoak bota dituzte eta gorreria hurbil duen aittitta azalpenak ematen, arrabotsarekin izuturik dagoen bere bilobari: - Hauena ez da ezer, “ put, put”. Gure gazte denboran bai zirela zaratatsuak, “ boum, boum”.
Adibide egokiak dira gaur adierazi nahi dudana bideratzeko. Izan ere, dena da errelatiboa gure bizitzan. Urteak aurrera, adin batetik gora, txikitu egiten gara, defentsak ahuldu, gaitasunak murriztu. Betiko arazoak gero eta handiagoak iruditzen zaizkigu. Gaztetan, aurrera begira gaudenean, etorkizuna proiektatzen dugunean, indartsu sentitzen dugu geure burua eta, oztopoak oztopo, aurrera egiteko kemenak txiki bihurtzen ditu traba eta nekeak. Zahartzaroan, ostera, loa galerazteraino kezkatzen gaituzte eginkizun txikienek ere. Zailtasunak betiko neurria du baina geu gara txikitzen goazenak, apurka-apurka, gero eta txikiago. Zahartzaroak berez dakarren galera. Horregatik iruditzen zaizkigu arazoak handi, irentsi nahi gaituzten mamuak balira bezala. Bilobari gertatu zitzaionaren kontrakoa, hain zuzen. Giltza gero eta gorago. Betiko arazoen aurrean geure indarrak dira neurria. Ume izan zena gai da argia pizteko eta gu, adibidez, behatzetako oskolak moztu ezinik. Gaztetan dena da ikuskizun eta eginkizun eta indarrek lagundu egiten dute. Trenean paisaia berriak ikusmiratzen doanaren antzekoa da gaztearen animoa. Urteen joanean, ostera, berdin zaigu atzeraka bidaiatzea, iraganari begira.
Ikuspuntua sartzen da jokoan. Mundua eta gizarteko arazoak ez dira modu berean ikusten. Bakoitzak bere ikuspegi eta ikuspuntua du, bizipen ezberdinak baitira zureak eta nireak, baita pertsona berarenak ere egoera eta adinaren arabera. Planoa ez, poligonoa da bizitza, zorionez. Sinplifikatzen badugu, pobreagoa izango da.
Gogoan dut nola, gazteago nintzenean, joan ohi nintzen mendi aldera eguneroko buruhauste eta kezkak ahaztu eta, bikoiztuko banintz bezala, neure burua, txiki-txiki, han goitik ikusten saiatzen nintzen. Ariketa sanoa da norbere buruari barre egitea. Eiffel dorrera igo eta gorengo terrazatik han behean trafikoa zuzentzen ziharduen polizia txiki-txiki ikusi zuenaren antzera. Gero, jeitsi zenean, poliziarengana hurbildu eta
- “kaixo aspaldiko!” esanda agurtu omen zuen. -“Nor zara, ba? Ez zaitut ezagutzen”. – “Nik zu, ostera, txiki-txiki zinenetik”. Mundu txiki bana gara gizakiok.
Izan ere, mundua eta zeure ingurua betiko leihotik ikusi eta begiratu hutsez, beste alde eta ñabardurak galdu egingo dituzu. Etxeko leihoek lau aldeetara eman beharko lukete, gure ikuspegia, mundua bezala, ahalik eta biribilena izan dadin. Jubilatu nintzenean, kanpotik ikusten nuen nire lantegi izandakoa eta, benetan dinotsuet, planoa poligono bihurtu zen. Aberatsagoa eta, noski, ulertzen zailagoa. Horrexegatik, hain zuzen, askok beldurra dio eztabaidari, geure ikuspuntu murritzean lasaiago bizi garelako.
“No me cabe la menor duda” zenbaitzuen ahotan entzuten dudanean pena, errukia, sentitzen dut. Hala entzun nion aurreko batean, Aznar zela uste dut. –“ Bai gizon txikia!”- pentsatu nuen- dudarik txikiena ere kabitzen ez. Txiste moduan gazteleraz entzuna da: “Era un hombre tan pequeño que no le cabia la menor duda”. Guk kontrolatzeko baino zabalagoa eta konplexuagoa da, zorionez, errealitatea. Horrexegatik hartu dut dudatzeko ohitura.