Igande arratsaldea zen eta bi mutil gazte arratsalde giro epela gozatzen euren arteko solas patxadatsuan. Maltzagara bidean ibaiko urak haitzen gainetik pasatzean sortzen zuen musika gonbidapen atsegina zen harremanetarako.
Gazte haietatik batak, aspaldi neure ikasle izandakoak, ahots goraz agurtu ninduen. Berehala konturatu nintzen nor zen: jubilazioa tarteko, nire azken kurtsoan, eskolan arreta handiz azalpenak entzuten zituen mutiko bizi hura. Debatik etortzen zen, beste asko bezala, Elgoibarren Batxilergo ikasketak burutu eta unibertsitatera begira azken bi ikasturteak egitera.
Bere solaskide eibartarra aurkeztu eta sarrerako beste ikamika batzuen ondoren euren bizimoduen berri adieraztera eraman gintuen autuak. Biak lanean… edo lanetan, han edo hemen. Han eta hemen, hobeto esanda, pluriempleo betean bizi baitira. Ohiko ikasketa eta prestaketaz gain, hainbat ikastaro, ziurtagiri, titulazio… lortuak, biak ala biak. Han eta hemen, lan prekarioetan, diru apurren truke eta finkotasunik gabe ibiliak eta dabiltzanak. Besteen aisialdi eta oporraldietan tabernetan zerbitzari ere bai. Horietako batean elkar ezagutu eta hala elkartzen dira elkarren berri freskoa izateko.
Bizitzako proiektu bat egin nahirik, pertsona guztiok dugun eskubideari eutsiz. Hamazazpi urte lehenago ilusioz beteta ikusten zuten etorkizuna korapilatsua ikusten dute. Urteak aurrera eta ametsetako proiektu haiek, hegoak moztu dizkioten txoriaren antzera, lurretik aireratu ezinik. Ahaztu bikotearekin bizi eta familia sortzea. Ezinezkoa da irabazten denarekin. Etxeko laguntzarik ez baduzu, jai daukazu. Bizitza osoan jo eta ke lan eginda ere zaila nork bere etxebizitza izatea. Handik eta hemendik harramazkatutako soldata apurraz gain hipoteka bat nork balioztatu ez baduzu, alokairuan edo gurasoen etxean bizi behar. Gero, ikusten dute eurek baino gutxiago saiatu diren asko hobeto moldatu direla, zorteak, etxeko laguntzak edo auskalo zerk erraztuta.
Hala ere, ez zen dena kexua. Bizitzak erakutsi die ahaleginez lortzen denak zenbat balio duen. Hemendik ez bada, handik. Nonbaitetik zabalduko zaio atea zintzo saiatzen denari. Ohartu dira euren bilaketa egoskorrean asko ikasi dutela gizarteaz, adiskidetasunaz, batzuen jatortasunaz eta beste batzuen miseriaz. Azken batean, zailtasunak zailtasun, ondorio batera iritsi ginen elkarri agur egin aurretik. Pazientzia aktiboa behar da gaur eguneko bizi-baldintzei duintasunez aurre egiteko.
Iñigo eta Mikel bezala, berdin izan zitezkeen Eneko eta Txomin edo Sonia eta Ander edo Maite eta Usua.
Gero, etxera helduta, irratiz zein telebistaz entzun dut langabeziak aspaldiko beherakadarik handiena izan duela. Langabeziak behera, baina… zer egin dute diru gabeziak, etxegabeziak, proiektu gabeziak? Pertsonen duintasuna arriskuan jartzea da gabeziarik handiena.