Latinez 'aequus' (berdin) 'libra' (balantza). Euskaraz oreka. Esaten erraza, baina izaten zaila. Nahikoa da euli bat balantzaren plater batean pausatzea oreka desegiteko edo txori bat adarrean, sagarra plaust! jausteko.
Eta hain da beharrezkoa oreka bakoitzaren gorputzean, adimenean zein sentimenduetan, gizarte-harremanetan zein naturan! Haur txikiak lurrean arrastaka eta gero lau hankatan katuka dabilenean zer egiten du, bada!? Muturreko batzuk hartu eta aurrera, lau hanketako oreka lortu arte eta gero... gerokoa bai funtsezko urratsa, zutitu eta pauso batzuk egiten ausartzen denean. Zenbat saio eta zenbat erabaki, porrot eta guzti, oreka dinamikoa lortu arte! Hainbeste gihar, kirio eta lotura duen makinaria martxan jartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula gero!
Gorputza orekaren bila dabil beti. Beharko, eroriko ez bada! Grabitatearen ardatzak erakusten digu nola jarraitu. Areago patintxoan edo bizikletan gabiltzanean. Zer esanik ez funanbulistaren kasuan. Ariketa zaila, baina guztiz beharrezkoa oreka lortu eta, larrukoak zein muturrekoak barne, horri eusten saiatzea.
Ezker/eskuin binomioaren kasuan bezala, hemen ere pertsona bakoitzak behar duena gizarteari ere aplika dakioke edo, zuzen esanda, aplikatu behar zaio. Desoreka asko ikusten da gure harremanetan. Injustizia, miseria, gosea, askatasunik eza… eta haren ondoan opulentzia, norberekeria, eskubideen ukazioa, dirua nagusi duen gizartea.
Horrela goaz, balantzaka, muturrekoak eta larrukoak larrutik beti alde batek ordainduz. Ohartu gabe bestearen miseriak eta kolpeak gizartearen gorputz guztia galbidera eraman dezakeela edo eramango duela.
Gizakia mundu txiki bat da eta gizartea gizaki handi bat. “Denok ala inor ez” zioen poetak edo ”Inor inon goserik deino, ez gara gu asetuko; inor inon loturik deino, ez gara libre izango”. Gizaki bakoitzak bezala, gizarteak ere oreka behar du jausiko ez bada. Ume baten muskulu, kirio eta arreta guztia oinez ibiltzen zein bizikletaz mugitzen saiatzen diren bezala, gizartearen oreka lortu eta zaintzen ahalegindu ezean, balantzaka ibiliko gara beti, hemen jausi eta han jausi. Ez gara inora iritsiko. Gizartearen etorkizuna ezezik bakoitzarena ere porrota izango da.
Kontua da ume batek oinez ikasten duenean, guraso edo hurbilekoen laguntzak gorabehera, berak ikusten duela orekaren ikasgaia pausoak emateko erabaki bakoitzean. “Ibiliz ikasten da oinez” errefrau zaharrean. Gizartean, ostera, beste gihar eta kirio asko kudeatu behar dira oreka lortuko bada. Baina, zer da ikusten duguna? Gizarte harremanetan pertsonen nortasuna galdu egin dela. Jada galdera ez da nork gobernatzen gaituen, zerk gobernatzen gaituen baizik. Kapitala, diruaren interesak dira nagusi eta haien zerbitzura gobernatzen dute, administratzen esan beharko, gizartea. Gizakiak ez du jada agintzen; gizarteak ere ez, noski, desoreka sortzen duen agente horrek, etengabe bat-bateko irabaziaren bila dabilen kapitalak baizik.
Horrek guztiak, bistan denez, naturaren desoreka ere ekarri du eta areago ekarriko du, erremedio eraginkorrik jarri ezean. Eta jakina! Naturaren oreka zaindu edo berreskuratu ezean, akabo gizarteak zein gizabanakoak behar duguna ere.