Euskaltzain osoa

Erabiltzailearen aurpegia Angel Ugarteburu 2023ko aza. 24a, 19:07

Aste honetan, azaroaren 25ean, egingo du Andresek euskaltzain oso izendapenari dagokion hitzaldia bere jaioterrian, Getariako udaletxean.

Urte askotan lankide eta adiskide izan dudanaren aurkezpenik egin beharrik ez daukat, jakina baita bere bizitzako zatirik handiena Elgoibarren eman duela irakaskuntza eta euskalgintza lanetan buru-bihotz. Dena den, bere curriculum-aren xehetasunak euskaltzaindia.eus gunean, euskaltzain osoak atalean ditu, jakin nahi dituenak.
Ni Eibarko ikastolan nenbilen 1972tik eta Elgoibarrera ezkondu nintzenean, 1975ean, ezagutu nuen Elgoibarko ikastolan lanean ziharduen taldea, Santa Ana kaleko 7an ostatu hartzen zuena, batez ere. Baita hara hurbiltzen ziren beste hainbat andereƱo eta maisu ere. Ilusioz blai ikusten nuen taldea, haiengana hurbiltzen nintzenetan.

Emiliok lagako zuen hutsunea betetzeko aukera ikusi eta hala adierazi nion une hartan ikastolako zuzendari zen Andresi nire asmoa: bizi nintzen herrian bertan irakasle izatea gustuko izango nuela. Harrezkero hemen izan da nire jarduna, lankide giro jatorrean.
Ezaguna da irakasleon artean hiru Santxoen metafora. Lehen urteetan, ilusioz gainezka, Santxo indartsua (azkarra) nagusitzen da. Indartsu sartzen gara, arazo eta traba guztiak txiki iruditzen baitzaizkigu gure ilusio mugagabearen aurrean. Gero, bizpahiru urte pasata, Santxo zuhur edo argiaren txanda etorri ohi da. Eskarmentuak erakusten du pausoak bata bestearen atzetik eman behar direla, ez denak batera. Hirugarren Santxoa ere ezaguna da: Santxo Pantza. Horrelakoak ere badira, hasierako ilusioa ogibide soil bihurtzea ere gertatzen da eta.

Ez dut nik Pantzarik ezagutu hainbat urtetan mintegikide izan ditudan lagunetan.
Eibarko ikastolan material berrien sorkuntzan hasitako bideak jarraipena izan zuen Elgoibarko ikastolan zein Institutuan. Bereziki azpimarratu nahi dut gure mintegiburu zen Andresek testuliburu berrien sorkuntza lanean egindako koordinazio eta dinamizatzaile lana. Egile ezezik eragile egokia ere izan zen eta hala sortu genituen, 20 urtean zehar, oraindik ere erabiltzen diren testuliburuak.

Gero, EIMA (Euskaraz Irakasteko Materiala) programan egin ditu, ohiko xehetasun eta zehaztasunez, irakaskuntzak zein komunikabideek beharrezko dituzten zuzenketak; baita, Euskaltzaindiak urteetan zehar euskara estandarrerako emandako arauen bilduma ere. Gure Andres izan da, hain zuzen, Euskara Batuaren Eskuliburuko (EBE) batzordearen buru.

Euskararen normatibak beharrezko dituen arauen bilduma izan da urte askotako lanaren emaitza eta arlo horretan egindakoak asko zor dio Andresi. Ikastolan hasi, Institutuan jarraitu, testugintzan iraun eta, Euskaltzaindiaren esanetara, euskara gaur eguneko beharretara bideratzen egindako lanak merezi zuen euskaltzain osoaren aitorpena, horixe bera izan baita Andres nik ezagutu dudan urte hauetan guztietan. Zorionak! 2023 11 27 euskaltzaindia logohandia